Juan Mari Etxabarri euskal preso politikoa larrialdietara eraman dute
Errotxapeako Juan Mari Etxabarri euskal preso politikoa Sevillako Virgen Macarena ospitaleko larrialdietan ingresatu dute, neumonia bat dela eta. Medikuek esan dutenaren arabera, Juan Mariren egoera egonkortu da eta hobetzeko bidean omen dago, Sortuk bidalitako ohar batean esaten denez.
2017-ko abuztuak 4
Sortu alderdiak bidalitako oharrean gogoratzen da azken egunotan Kepa del Hoyo hil da eta Mikel Arrieta larriki gaixo daudenen zerrendara gehitu dela. “Gertakari hauek espetxe politika anker baten ondorio garbiak dira, euskal militante independentiston aurka diseinatutako salbuespenezko espetxe politikarena alegia”, salatu du Sortuk.
“Euskal presoak etxekoengandik ehunka kilometrotara urruntzeak, kideongandik sakabanatu eta isolatzeak edota bizi baldintza txarretan izateak ageriko ondorioak ditu: estresa, gaixotasun fisiko eta mentalak, desoreka emozionalak… Larriki gaixo dauden presoen zerrenda gero eta handiagoa izatea ez da kasualitatea”, esan du Sortuk, eta gaixorik dauden presoak kaleratu eta dispertsioa amaitzeko ordua dela azpimarratu du.
“Euskal eragile politiko, sozial eta sindikalei dei egiten diegu egoera anker hau amaitzeko bide orri bat adosteko. Elkarbizitza eta normalizazio politikoa lortzeko preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean eta bizirik behar ditugu”, gehitu du.