Josu Zabala, 25 urte Estatu espainolak izkutuan duen egia bila

Egiari Zor Fundazioak martxoak 26an Etxarri-Aranatzen ekitaldia burutuko du, Josu Zabala Salegiren heriotzaren inguruan egia jakiteko eskubidea aldarrikatzeko.

2022-ko martxoak 24

Josu Zabala ETAko kidea zen eta Debako Punta Mendatan hilik agertu zenetik 25 urte beteko badira ere,
kasuak egun argitu gabe jarraitzen duela azpimarratzen du Egiari Zor fundazioak.
Zabala egun batzuk lehenago desagertu zen, eta ETA erakundearekin zituen segurtasun hitzorduetara ez zen agertu.

Egiari Zor Fundazioak gogora ekarri duenez, Josu Zabalaren gorpuak bihotz aldean tiro bat zuela agertu zen eta
berehala iturri ofizialek, bere buruaz beste egin zuela teoria
zabaltzen hasi ziren. Abian jarritako ikerketak ordea, teoria ofizial
hori apurtzen zuten hainbat froga mahai gaineratu zituen.

“Bihotzean sarrera eta irteera zuloekin bala-zauri bat izan arren, gorpua
agertu zeneko lekuan ez zegoen odol arrastorik.
Gorpuaren ondoan agertutako pistolak ez zuen Josu Zabalaren aztarnarik,
ez odolik ez arrasto organikorik, ez barrutik ez kanpotik.
Bularreko zauria eragin zuen bala ez zen bertan edo inguruetan aurkitu.
Josu Zabalaren zapatetako lurra aztertu ostean, analisiek baieztatu
zuten lur hori ez zela gorpua agertu zeneko tokikoa”, gogoratzen du Egiari Zorrek.
Autopsiak gorpua aurkitu baino 12 ordu lehenago hil zela ondorioztatu
zuen, baina inguruetako biztanleek ez zuten tiro hotsik entzun Josu
Zabala hilik agertu zen eguneko gau hartan.
“Punta Mendatako ingurua ibilgailuz joateko malkartsua izan arren bai
entzun zituzten ordea, ordu txikitan hainbat kotxe ibili zirela
Mendatara doan bidetik”, aipatzen dute fundaziotik, eta lokien aldean marka gorrixkak zituela ere agerian geratu zen, borobil formakoak.

“Egindako frogen ondorioak aski sendoak dira pentsatzeko iturri ofizialek
kasu honi buruz emandako bertsio ofiziala ez dela benetan
gertatutakoaren egia”, adierazi du Egiari Zorrek, eta 25 urte eta gero “galdera gehiegi erantzun gabe diraute, egia jakiteko
garaia” dela gaineratu du Fundazioak.

Ekitaldia larunbata honetan izanen da, Etxarri-Aranatzeko Herriko plazan arratsaldeko 19:00tan.

Gehiago