Joseba Asiron: “Erregimenak beldur dion zerrenda da gurea, bukatu da kortijoa”
Joseba Asironekin batera 11 gizonek eta 18 emakumek osatuko dute Iruñeko Udala eta txoko guztiak oxigenatzea helburu duen EH Bilduren zerrenda.
2015-ko apirilak 12
"Aldaketa haizea dabil Iruñean eta EH Bildu hiria goitik behera oxigenatzeko prest dago". Horrela azaldu du Joseba Asironek Iruñeko hauteskundeetarako zerrendaren aurkezpenean. Duela hilabete bat asanblada handi batean hiritarrekin batera Udaletxea eta hiria kudeatzeko eredua eraldatzeko udal programa adostu zuten eta orain lan hori aurrera eramango duen ekipoa aurkeztu dute.
Asironen hitzetan lan talde anitza da hau, pertsona prestatuak eta auzo guztietakoak osatuta. "EH Bilduk udal esperientzia handiko pertsonekin kontatzen du, baina baita mugimendu herritar eta sozialetan eskarmentu handia dutenekin ere. EH Bildurentzat horiek dira txanponaren bi aurpegiak, lan instituzionala eta mugimendu sozialetako lana uztartzea".
Erregimenari mina
EH Bilduk adierazi du zalantzarik ez duela: "zerrenda hau erregimenari min gehien emango diona da". Joseba Asironek adierazi du "kortijoa" bukatu dela, "bukatu zaie txoiloa". Hiri hau goitik behera oxigenatzeko prest azaldu da eta hiritarren eskutik egingo duela azaldu du, "modu garden eta parte hartzailean, pertsonen eskubideak eta beharrak lehenetsiz, horretarako udalaren zerbitzu eta mekanismo guztiak erabiliz".
Bukatzeko indar aurrerakoiek aldaketa geldizeina egiteko erantzukizuna dutela nabarmendu du eta EH Bildu horretan ari dela. "Iruñeak bizi duen momentu honek lidergotza eskatzen duelako, eta EH Bildu horretarako prest dago".