Joseba Asiron [EH Bildu]: “Udal gobernu askotarikoa osatu nahi dugu”

Geroa Bai, Aranzadi eta Izquierda Ezkerrari Iruñeko Udal Gobernuko ateak zabalik uzten dizkie EH Bilduko alkategaiak, "haien erabakiarekiko errespetu osoz".

2015-ko ekainak 6

1962an jaioa. Historian doktorea. San Fermin ikastolako irakaslea. Nabarralde elkarteko kidea. Hainbat libururen egilea. EH Bilduko independentea. Eta, bere curriculumean garrantzitsuena, Euskalerria Irratiko ohiko kolaboratzailea. EH Bilduko Joseba Asiron izanen da, itxura guztien arabera, Iruñeko alkatea ekainaren 13tik aurrera. Horren aurretik luze eta zabal mintzatu da gurekin.

Zer da gogorragoa ekainean azterketak zuzentzea ala alkate izateko negoziazioak egitea?

Bakoitzak badu berea. Azterketak zuzendu behar ez izatea oso onuragarria da, baina ekaina oso hilabete polita da ikastetxeetan, ikusten da ikasturtea amaitzen ari dela, eta udako oporrak datozela. Hemen kontrakoa ikusten dugu, uda korapilatsua daukagula aurretik.

Zure ahalmen pedagogiko hori ez zaizu gaizki etorriko legealdi honetan.

Ez bada. Uste dut legealdi honetan askotan erabili beharko dugula.

Pentsatzekoa da alkatetzara iritsi eta berehala atez atekoa ezarriko duzuela. Eskuin mediatikoan ez dugu besterik irakurri azken hilabeteotan.

Atez atekoa ezarri da ezarri den tokietan. Guk Iruñean gure prozedura propioa izanen dugu. Iruñea Iruñea da, Donostia Donostia, Hernani Hernani eta Olazti Olazti. Garatu behar dugu XXI. mendeari dagokion zaborraren trataera, baina gogoeta egin ondoren eta prozesu parte hartzaile baten ondorioz. Ez gatoz ezer inposatzera.

Bada hor nonbait irakurri dut entzierroak debekatuko dituzuela, baita patxarana ere.

Cordovillako egunkariren batean irakurriko zenuen. Gu udal gobernura iristen garenean ez da apokalipsirik izango. Badakit egun hauetan hainbat hedabide eta forotan iragarri dela ideia hori: Iruñea eroriko dela, desagertuko dela, gure esentzia eta tradizio guztiekin batera. Ez gaude sintonia horretan. Gure ustez orain dagokiguna da erantzukizuna eta lasaitasuna.

 

Txantxak alde batera utzita: nola daramazu Nafarroako zein Madrilgo eskuin mediatikoaren presioa? Legealdi osoan oso handia izanen dela dirudi.

Presioa batez ere beste batzuk jasotzen ari dira. Gu kontziente gara Madrilen sute mediatiko bat elikatzen ari direla asmo zehatz batekin: maiatzaren 24an herritarrek erabakitakoa ez gauzatzea. Baina hemen gertatu dena oso argi dago: iruindarrek aldaketaren alde bozkatu dute, eta adierazi dute aldaketa horren lidergoa EH Bilduk eraman behar duela.

Eskuin mediatikoak behin eta berriz nabarmendu duen ñabardura: ez zaude Iruñean erroldatua. Bekatu larria, antza.

Iruñeko beste hainbat gazteri gertatu zaiena gertatu zitzaidan niri. Hain zuzen ere eskuinak eraman duen etxebizitza politikaren ondorioz, nire belaunaldiko askori tokatu zitzaigun Iruñetik kanpo bizi behar izatea: Zizurren, Barañainen, beste leku askotan. Orain hori aurpegiratzea bidegabea iruditzen zait.

EH Bilduko zerrendaburu izatearen eskaintza onartu zenuelarik, espero al zenuen azkenean alkate izatea?

Oso zaila ikusten nuen. Bagenuen susmoa, ikusten genuen kalean aldaketaren beharra sumatzen zela, baina gero hauteskundeen ondotik aldaketa hori mila modutan gauza zitekeen. Azkenean hala gertatu da, oso emaitza itxurosoak lortu ditugu eta erantzukizuna guri tokatu zaigu.

Udaleko emaitzak itxurosoak izan zirela diozu. Foru hauteskundeetan, Iruñean bertan, EH Bilduk 3.500 bat boto gutxiago lortu ditu. Zergatik?

Badirudi hau ohikoa dela, hauteskunde guztietan gertatzen dela. Ez da aurtengo gauza espezifikoa. Nik azpimarratu nahi dut emaitzak biotan oso onak izan direla, eta hori Iruñeko taldean eta Adolforen taldean egin den lan onari esker izan dela.

Bilera erronda amaiturik, alkate izateko aski sostengu baduzula esan duzu. Berehala ñabardurak iritsi dira. Esaterako, Uxue Barkosek dio mantsoago ibiltzea komeni dela.

Gauzak mantso eta ongi egin behar dira, baina hor badago epe bat: ekainaren 13an udalak eratuko dira, eta hori Parlamentuan ez da gertatzen. Geroa Baik kanpainan esan du udaletan aldaketaren aldeko indarrik bozkatuenak jasoko zuela alkatetza. Orain jarrera aldatuko balute, ez lirateke kanpainan esan zutena betetzen ariko.

Aranzadik baldintzak jarri ditu: dio haien jarraitzaileen artean galdeketa egin behar duela eta akordio programatikoa lotzeko bilerak publikoak izan behar direla. Zer deritzozu?

Hori orain gehitu dute. Hor daude hemerotekak. 29an egin genuen bilera. 30eko egunkarietan irakur daiteke esan zutela ez zutela zalantzarik eta aldaketaren gobernuari sostengua emanen ziotela. Orain beste zerbait gehitu badute, edo hau negoziazioaren beste fase bat bada, ongi. Baina hemeroteka hor dago. Nik errespetu osoz ikusten ditut gainerakoen barne prozesuak. Guk ere baditugu gureak. Baina guk oso argi dugu gure barne prozesuek, parte hartzeak, gardentasunak, ezin dutela baldintzatu Udalaren martxa.

 

Aldaketaren aldeko indarren arteko konfiantza ezinbestekoa da udal gobernu berriak aurrera egin dezan. Horri dagokionez, zer moduz zabiltzate?

Konfiantza faktore garrantzitsua da. Ulertuko duzunez, niri berdin zait non egiten diren bilerak. Baina hori ez da garrantzitsuena. Publikoki egin behar badira, ez gara oztopo izango. Baina oso argi dugu udal gobernu baten funtzionamenduak izan behar dituela hanka zenbait: gardentasuna eta parte hartzea baina baita efikazia eta konfiantza ere.

Akordio programatikoa lotzeko, zein izan daitezke arazo nagusiak?

Iruñearentzat estrategikoak diren gai handietan ez dago ezberdintasun handirik. Badira ñabardurak. Lau talde hauen artean badira ñabardurak, gizartean bezala. Eta hori ere gobernura eraman beharko dugu. Lehenago, akordioak bultzatuz, gauza garrantzitsu askotan ados baikaude. Eta gero jada ñabardurei hitz eginen dugu polikiago. Baina baldin badago borondatea proiektu batzuk aurrera ateratzeko eta beste batzuk gelditzeko, ez dut uste arazo handirik izanen denik.

Lau taldeak sartuko al zarete udal gobernuan?

Guri hala izatea gustatuko litzaiguke. Kanpainan esan genuen behin eta berriro nahi genuela gobernu anitza eta inklusiboa. Guri gustatuko litzaiguke hor egotea. Haiek haien prozesu parte hartzaileak gauzatu behar dituzte, eta erabaki zer egin, baina guk ateak zabalik dauzkagu, hori delako formularik onena.

Nafarroako Gobernuan, berriz, koalizioaren aukera indarra galtzen ari da. Kontseilari independenteez mintzo dira. Zer iruditzen zaizu hor gertatzen ari dena?

Garrantzitsuena da Gobernuan sartzen diren pertsonak ongi prestatuak egotea kontseilari lanerako. Eta ikuspegi horretatik guk Parlamentura aurkeztu ditugun pertsonak oso ongi prestatuak daude horretarako, oso pertsona egokiak dira Gobernua osatzeko. Nik ez dut zalantzarik. Barkosek baditu, azaldu beharko du zergatik.

 

EH Bilduko alkate bezala, lortuko al duzu aurreiritziak gainditzea?

UPNk beldurraren diskurtsoa garatu du, eta badakigu jende asko beldurrez geratu dela aldaketaren alde botoa eman gabe, aldaketarekin amets egiten bazuen ere. Gure erronka garrantzitsu bat da hori guretzat. Lau urte ditugu erakusteko ez dela beldurrik eduki behar. Guk gure politika egingo dugu, baina ikusiko dute lau urtean ez direla iritsiko azken epaiketa eta apokalipsia.

Posible al da besteak beldurtu gabe zureak asetzea?

Oso polita izango da lan hori garatzea. Batak ez du bestea kentzen. Guk, jakina, gure irizpideekin eginen dugu politika, gauzak oso argi ditugu. Baina hartzen ditugun neurriak guztientzat izanen dira onuragarriak. Adibidez, alokairu sozialeko bulegoa zabaltzen dugunean guztientzat egonen da zabalik. Edo sexu erasoen aurkako protokoloak guztientzat izango dira onuragarriak. Edo parte hartzeko bide berriak guztientzat zabalduko ditugu.

Gipuzkoako eraundeetako azken legealdiak  zer pentsa ematen al dizu?

Jakina. Denetatik ikasten da. Baita Gpuzkoan gertatutakoaz ere. Gauza asko oso ongi egin dira Gipuzkoan. Eta seguru asko autokritika egin behar da puntu batzuetan. Egin beharko da. Eta egiten ari dira han ere. Baina gu gurera. Konbentzituta nago hemen Iruñean gure estiloarekin, gure modura, modu parte hartzailean, oso gauza politak egin ditzakegula.

Eskuin politikoa eta mediatikoa beldurraren diskurtsoa haizatzeko mamu identitarioa erabiltzen ari da. Alor horretan egiten duzuenak oihartzun handia izanen du. Zer eginen duzue ikurrinarekin?

Ez dugu ezkutatu, behin baino gehiagotan esan dugu ikurrina gurea dela, Nafarroarekiko dugun sentimenduaren zati garrantzitsu bat dela, Nafarroaren beste ikur bat dela guretzako. Udaletxean ikurrina modu ofizialean eta iraunkorrean zintzilikatu ahal izateko, legea aldatu behar da, eta hori Parlamentuan egin behar da. Beste baldintza bat ere badago, zinegotzi gehienak alde egotea. Hori gertatu zen 1977an. Ikurrina legealdi batean hor zintzilik egon zen. Eta horregatik ez zen mundua bukatu.

 

Txupinazoan zer eginen duzue ikurrinarekin?

Ikurrina modu batean edo bestean beti egon da Txupinazoan. Eta beraz ikurrina Txupinazoan egonen da.

Udaletxearen balkoietan izanen al da?

Esaten ahal dizudana da ez dugula hainbeste interesik jarriko ikurrina hor egon ez dadin. Ez ditugu jarriko balkoi bakoitzean  lau udaltzain. Edozein gauza gerta daiteke.

Nork jaurtiko du Txupinazoa?

Txupinazoari buruz, guk oso argi dugu beste eredu batera joan behar dugula. Horretan herritarren parte hartzeak garrantzi handiagoa izan behar du, eta ez zinegotzi edo alkateenak. Prozesu parte hartzaile baten bidez hartu behar da erabaki hori. Aurten denbora faltagatik ez dugu aukera prozesu hori gauzatzeko. Beraz, hiru aukera dauzkagu. Juanito Etxepare errepublikazalea izan zen Txupinazoa jaurtitzen lehena, 1931tik 1936ra, eta gero fusilatu egin zuten. Gogoan eduki nahiko genuke. Beste aukera bat da La Veleta peña. Haiek asmatu zuten sanferminetan jantzi zuri gorriak eramatearena. Eta haietako asko fusilatu zituzten. Horiek ere omendu nahi ditugu. Eta aurten Iruñeko Orfeoiak 150 urte egin ditu. Hor ere nolabait egon beharko luke. Gure aukerak hortik doaz.

Prozesioan parte hartuko duzula aurreratu duzu. Zergatik?

Gauzak soseguz hartu behar ditugu, ongi pentsatuz. Prozesioa sortu zen ekitaldi guztiz erlijioso bezala. Baina denborarekin bilakatu da beste gauza bat. Bere izaera soziala ezin dugu ezkutatu. Behar bada izaera sozial hori indartu edo borobildu behar dugu, adibidez, kabildoa Katedralean sartzen denean han sartzen ez direnek beste zerbait eginez. Hor bi gauza uztartu behar direla uste dut: lehena, zinegotzien askatasuna hor egoteko eta ez egoteko. Baina baita ere iruditzen zait Udalak eduki behar duela ordezkaritza instituzionala, adibidez, alkatea hor egonda.

Curia kalean tentsio handia izan da azken urteotako prozesioetan.

Edozein zinegotzik du eskubidea prozesioa egiteko begirune osoz modu zibil edo erlijiosoan. Hori printzipio bat da eta hori bermatu behar dugu. Puntu. Aparte. Iruditzen zait zazpian hor beharrezkoa den bake soziala irabazi behar dela urte osoan, eta ez, adibidez, bezperan, seian, udaltzainak bidaliz Udaletxe plazara legala den bandera bat indarrez kentzera. Bakea eta bizikidetza urte osoan landu beharrekoak dira.

Zer eginen duzue Udaltzaingoarekin?

Alor horretan lan handia eta fina egin beharko dugu. Udaltzaingoaren egoera une honetan kaotikoa da Simon Santamaria, Enrique Maia eta Yolanda Barcinari esker. Orain lana egin beharko dugu bi planotan: batetik, bakea eta lasaitasuna berreskuratu behar dugu, orain kaosa baita nagusi, udaltzainen sindikatuek esan digutenez; eta bestetik, jo behar dugu beste Udaltzaingo eredu batera, baina hori udaltzainen sindikatuen eta herritarren eskutik egin beharko dugu.

Gehiago