Jorge Olaizen askatasuna exijitzeko manifestazioa egin dute ehundaka lagunek Iruñean
Alde Zaharreko bizilagunaren askatasuna aldarrikatu dute ehundaka lagunek. 2001ko auzi batengatik espetxeratu berri dute, 13 urte espetxean eman ondoren. "Mendeku politikan" oinarrituriko auzi berri bat dela eta Nafarroan eta Euskal Herrian eman daiteken aldaketa politikoa oztopatzeko eta gatazkaren konponbidea zapuzteko beste eraso errepresibo bat dela salatu dute.
2015-ko otsailak 20
Jorge Olaizen euskal preso politiko ohiaren espetxeratzea "irmoki salatzeko" 500 lagun inguru bildu dira Iruñeko Alde Zaharrean. Manifestazioa auzo honetako hainbat kale zeharkatu ditu, Baratxurien plazatik abiatu ondoren, Iruñeko Udal plazan amaitzeko. Manifestaziek ez dituzte kalifikatiborik topatu gertatu dena deskribatzeko. 13 urte espetxean eman ondoren, Olaiz aske gelditu ostean, 2001ko auzi batek espetxera eraman du, nahiz eta 2002an auzi beragatik ikertu eta kargurik gabe utzi. Orain, lekuko berri bat dagoela dio poliziak. "Mendekua, krudelkeria, injustizia, giza legerik gabeak, basakeria, ankerkeria….", horrela definitu dute auzi hau manifestariek.
"Estatu Espainolaren helburua Euskal Herrian irekitzen ari garen prozesu politikoa zangotrabatzea" dela uste dute, eta "estatuaren mendeku gosea eta benetako izaera" agerian gelditu dela salatu dute.
"Montxitori ezarri dioten zigorrarekin, herri guztia zigortu nahi izan dute. Hain zuzen ere, eraso garbi bat izan da konponbidearen aurka eta eraso zuzen bat izan da ere, herri honetan dagoen aldaketa gogo eta beharren aurka", esan dute Udal plazan irakurritako komunikatuan.
"Nafarroan eta Euskal Herrian dauden aldaketa gogo eta ilusioak errotik moztu nahi dituzte. Zentzu horretan, beraien jokabidea eta bilatzen duten helburua garbia da: bai estatuan eta baita Euskal Herrian ere egon daitezkeen aldaketak, zutabe antidemokratikoei lotuta mantentzea alegia", azpimarratu dute.
Egoera honen aurrean "konpromisorik zintzoena" adierazi nahi izan dute "konponbidea, demokrazia eta aldaketaren alde indarrak biltzeko".