“Joan dadila, ez dugu Martin Villa hemen nahi”

1978ko Sanferminetan eta Gasteizko Martxoak 3 sarraskia eman zenean Espainiako Gobernazio Ministroa izan zen Rodolfo Martín Villa, egungo Barne Ministroaren parekoa. Horregatik egin zaio gaur gertakari horien erantzule, Iruñean egin duen bisitaren aurka hainbat memoria elkarteek deitutako elkarretaratzean.

2024-ko otsailak 8

Frankismoa izan zenaren eta bere errepresio kriminalaren “adierazle garbiena” Rodolfo Martin Villa Iruñean izan da, eta bisita hau errefusatzeko elkarretaratzea egin du SF78gogoan memoria elkarteak beste hainbat eragileekin babesarekin. “Martin Villari errateko ez dugula hemen nahi, joan dadila eta ez dadila sekula itzul”, zehaztu dute deitzaileek.

Rodolfo Martin Villa frankista izan zela esateko bere curriculma begiratzea besterik ez dago: Falange Espainiarreko kidea, Sindikatu Espainiar Unibertsitarioko buru, Sindikatu Bertikaleko idazkari, Francorekin Erreinuko Kontseiluko kide, Gobernari Zibil Bartzelonan, Gorteetako Prokuradore, Harreman Sindikaletarako ministro, Barne ministroa… eta ondoren, UCDren Gobernuko presidenteorde eta Alderdi Popularrean afiliatu eta zuzendaritzako kidea.

Bere ibilbide politikoan, 1978ko Iruñeko Sanferminetan izandako indar polizialen esku hartzea eta Gasteizko Martxoak 3ko sarraskian ardurak izan zituen, eta horregatik gaurko salaketa. “Martin Villa Poliziak 1978ko sanferminetan protagonizatutako Estatu krimen azpikariaren erantzule politiko nagusia izan zen. Haren ondorioak ezagunak dira: German Rodriguez gaztea hilik, balaz zauritutako 11 pertsona, ehunka lagun gehiago ospitaleetan artaturik, hiri bat suntsiturik eta bestak leherturik”, gogoratu du Sanfermines78gogoan elkarteak. Elkarte honen bozeramaile batek esan duenez, elkarretaratze honetan parte hartu du Joseba Barandiaran Donostiako gaztearen senide batek. Barandiaran Iruñearekin elkartasuna adierazteko manifestazio batean erail zuen Poliziak. Baina auzi hauek haratago, Martin Villari beste hainbat gertakarietan ardura izate leporatzen zaio: 1976ko Gasteizko martxoaren 3ko sarraski poliziala eta Jurramendiko erailketak, 1977ko Amnistiaren aldeko II. astean hildako zazpi pertsona… “Krimen horietatik ezta bakar batendako ere ez da justiziarik izan, isiltasuna, estalketa eta inpunitatea baizik. Horregatik, 2019an, Iruñeko Udalak Martín Villa pertsona non grata deklaratu zuen, baina hari horrek bost axola dio”, salatu dute manifestariek.

Martin Villa, negozio gizona
Martin Villak bere ibilbide politikoa alde batera utzi eta negozioetan sartu zen, arrakasta handiz. “Martin Villak ordezkatzen du “ate birakarien politika” deitutakoaren alderdi latzena ere. Politika aktiboa utzita, hamarkadatan zuzendaritza karguak izan zituen 45 korporazio espainiar handitan: ENDESA, zeinaren pribatizatzailea izan baitzen; CEPSA, Energis, Bankia, Sogecable, Prisa Telebista, Caja Madrid, Técnicas Reunidas… Patronal handia hagitz eskuzabal izan zen frankismoan zetazko eskularruarekin tratatu zuenarekin”, gogoratu zuen SF78gogoan taldeko Josu Chueca bozeramaileak.

Talde honek zenbait kereila paratu ditu Martin Villa erantzuletzat jo dezaten 1978ko sanferminetan jasan zen erasoarengatik, eta, ondorioz, gizateriaren aurkako krimen bat egin izanagatik. “Horretan gaude eta horretan segituko dugu egia, justizia eta ordaina lortu arte”, adierazi zuten.

Gehiago