Jauzi, euskarazko jarduerak bilatzailea martxan

Jauzi.eus maiatzaren 29tik aurrera ikusgai izanen da.

2024-ko maiatzak 22

Sortzen Gurasoak Elkartea, euskararen normalizazioaren bidean, D ereduko ikastetxe publikoen inguruko hizkuntza ekosistemak osatzeari begira jarri da. Eskolaz kanpo antolatzen diren Guraso Elkarteen jardueren eskaintza eta Udal ezberdinen eskaintza publikoa jaso eta familiak informatzeko jauzi.eus bilatzailea sortu du. Guraso Elkarteen eskaintzaren kasuan, Jauzi bertatik izena emateko aukera egongo da ere bai, jarduera zehatz horietarako matrikula epea ekainaren 4tik 14ra izanik.

Sortzenek dioenez, sortu berri duten proiektuak helburu ezberdinak ditu. Besteak beste, eskolaz kanpoko jardueren zabalpenerako eta izena emateko toki erreferentziala sortzea, aisiako euskara hutsezko zirkuituak koordinatzea, guraso elkarteei lana erraztea eta hezitzaile kontaktu sarea osatzea eta taldeak osatzeko matrikula minimoetara ailegatzen laguntzea.

Jauzi.eus maiatzaren 29tik aurrera ikusgai izanen da, eta momentuz, honako ikastetxeetako Guraso Elkarteek eman dute izena: Amaiur (Iturrama), Bernart Etxepare (Txantrea), Ermitaberri (Burlata), Hegoalde (Arrosadia), Irulegi (Mutiloa), Patxi Larraintzar (Arrotxapea), San Frantzizko (Alde Zaharra) eta San Migel (Noain). Beraz, ikastetxe hauetako 16:30 geroko eskaintza kanpoko ikasleei ere irekita egongo da, bertako ikasleriaren lehentasuna zainduta beti ere.

D ereduko ikastetxeen federazioaren hitzetan, “argi genuen bilatzailean ezer eskaini aurretik ikastetxetan kontzientziazio lana egitea oso beharrezkoa zela. D ereduko azken urteetako soziologia oso anitza da, eta familia guztiek ez dute transmisioaren inguruko beharrezko orientazioa. Horregatik, hainbat ikastetxetan, kanal ezberdinen bidez, familiei “aisiaren garrantziaz” ohartarazteko kanpaina bat martxan jarri genuen. Labur esanda, euskarazko hezkuntza arautua gure umeen denboraren %15a dela esan diegu familiei. Gainontzekoak euskararen transmisio eta garapenean izugarrizko eragina duela. Ume guztiek euskara eroso erabiltzeko helburua badugu, etxean eta aisian euskarazko zirkuituak behar ditugula (kultur agenda, eskolaz kanpokoak, ludotekak, ipuinak, abestiak, jolasak, TB, filmak, webguneak,…).”.

Federazioaren hitzetan, “bilatzaile bat sortzearen ideia, sortu genuen Euskararen Normalizazio Planaren barruan kokatzen da. Plan estrategiko honek helburu garbi bat du Iruñerrirako: D ereduko Ikastetxe bakoitzeko ume guzti-guztiak euskaraz eroso aritzea. Horretarako, filosofia aldatu beharra dago eta ENParen logoak adierazten duen bezala, transmisioa 3 adarren batuketaren ondorio bezala ulertu beharra dago: Etxea + hezkuntza arautua + aisia. 3 adar horietan ideia eta proposamen praktiko ezberdinak jasotzen ditu planak.”

Gehiago