Jauzi Ekosozialak larunbatean “Lurraren defentsan, EH bizirik!” lelopean Gasteizen izanen den manifestazioa babestu du

Jauzi Ekosozialak bat egin du Euskal Herria Bizirik-ek datorren maiatzaren 20an Gasteizen egingo duen manifestazio nazionalerako deialdiarekin, eta energia berriztagarriek gaur egungo krisi ekologikoaren inguruko iritzia plazaratu du hurrengo komunikatuan.

2023-ko maiatzak 18

Jauzi Ekosozialetik krisi ekosoziala bere konplexutasunean ulertzeko saiakera egiten dugu, eta uste dugu, bakarra ez bada ere, klima aldaketa arazo handienetakoa dela. Klima larrialdiaren ondorioak ahalik eta gehien murriztea gizarte industrializatuen erantzukizuna da. Gure gizarteak erregai fosilen %94ko menpekotasuna du, hortaz, erabilera hori modu azkarrean murrizteko ardura du, eta aldi berean, energia berriztagarrietan oinarritutako sistema ekonomikoak eraikitzekoa. Besteak beste, elikadura sistema industrialak, sistema jasangarriengatik ordezkatu beharko lirateke, bai nekazal gizarteetan eragiten dituen kalteengatik, bai ekosistemetan duen inpaktuagatik. Kontuan izanik edozein azpiegituraren instalazioak ekozidioarekin jarraitu dezakeela eta hori ekidin behar dela.

Maiatzaren 20an Gasteizen deitutako Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik! manifestaziora eta egin den irakurketara atxikitu da Jauzi Ekosoziala. Manifestazioan era askotako makro-azpiegiturak salatuko dira, baina, testu honen bitartez, berriztagarrien gai zehatzari ekarpena egiten ahalegindu gara, jakinik gai konplexua dela ikuspuntu ekosozialetik.

1.- Energia “berriztagarriak”1 Hego Euskal Herrian era esanguratsuan zabaltzeko saiakera manera desegoki eta inposatzailean egiten ari da, eta hori dela medio, herri askotan gatazkak eta ezinegonak sortarazten ari dira. Horrek berriztagarrien zabalpena legitimitate sozial gutxirekin egitea ekar dezake, justu aldarrikapen ekologistetan hain zentralak izan diren energia horien zabalpena ezinbestekoa suertatzen denean, aldaketa klimatikoaren ondorio lazgarrienak arintze aldera.

2.- Prefosta, helburu horiek lortzeko inportanteena eta urgenteena deskarbonizazioa da, hau da, baliabide fosiletan oinarritutako energia kontsumo globala asko murriztea. Hil ala biziko testuinguru honetan, metabolismo soziala txikiagotzea isuriak gutxitzeko biderik zuzenena da. Horrek ekonomiaren deshazkundea eta berregituraketa sakona dakar, industria eta garraioa izanik energiaren kontsumo handieneko bi sektoreak. Energia berriztagarrien garapenak zentzua du energia fosilak gelditzen badira, bestela, gaur egungo kontsumo-sistema neurrigabea indartzeko baino ez dute balio. Jaurlaritzak emergentzia klimatikoa aldarrikatu zuen 2019ean baina gero ez du ezer egin emergentzia hori bideratzeko, greenwashing merke eta baldarra baino ez da izan Urkullu eta Tapiaren gobernuaren ekimen hori. Hona hemen gure salaketa nagusia eta aldarrikapen behinena: maila autonomiko eta lokaletan behar dira ekimen politikoak energia kontsumo publiko zein pribatuaren (batez ere aberatsen) bolumena nabarmenki eta era azkarrean jaisteko: proposamen zehatz eta planifikazio ausarten momentua da, bada garaia! Hala ere, behetik gorako logika bati jarraiki, gizarte mugimenduek ere bultzatu beharreko kultura aldaketa ere beharrezkoa da, hala nola aurreztearen eta nahikotasunaren logikak oinarri izango dituena. Beraz, gutxienez bi dimentsio dira jorratu beharrekoak: sistema ekonomikoari mugak eta neurriak jartzea (goitik behera), eta norbanako eta gizarte giza eman beharreko jauzi kulturala bultzatzea (behetik gora).

3.- Eta, noski, horretarako ere beharrezkoa da energia berriztagarrien zabalpen azkar eta irmoa (kontrol publiko-komunitario eta zeharkako parte-hartzea bermatuz), gure bizimoduan garrantzitsuak diren zenbait elementu populazio osoarentzat mantentze aldera: hezkuntza eta osasungintza publikoa, etxeetako berotze duina negu gorrian, zenbait elektrogailuen iraupena…

4.- Baina, ezinbestekoa delako, energia berriztagarrien zabalpena ezin da utzi merkatu kapitalistaren dinamika suntsigarriaren eta espekulatzailearen menpe, orain gertatzen ari den bezala: alde batetik, Europar Batasunak martxan jarritako desregulazioa eta subentzio politika eskuzabala (NextGenerationFunds) abiatu du eta energiaren alorreko multinazional handien dirugosea areagotu, energia berriztagarrien sektorea negozio huts bilakatuz; bestalde, Jaurlaritzak Energia Berriztagarien Lurralde Plan Sektorialaren aurrerapena publikatu du, non, funtsean, holako ekipamenduak kokatzeko leku posible guztien zerrenda egiten den…, eta hortik aurrera Merkatuak bere legea inposa dezala! Horiek ez dira baldintza egokiak bidezko trantsizioak gauzatzeko, horregatik, beharrezkoa litzateke gizarteak kontrol sozial eta ekonomikoa izatea sektore energetikoan.

5.- Lurraldean duten inpaktua handia da eta horiek ahal den neurrian ekidin, neurtu, edota “erreparatu” beharko lirateke. Askotan honako ekipamenduak populazio txikia eta espazio zabalak dituzten landa eremuetan kokatu nahi dira, parke eolikoak kokatzeko mendi gailurrak hautatzen dira eta irtenbide teknologikoak beti dira eremu industrialean proiektatu eta diseinatuak: errepide zabalak, dorre eta helize erraldoiak…
Fotovoltaikoak ere lurra zementatuz eta era masiboan kokatzea aurreikusten da. Horrek guztiak bioaniztasunean eta ekosistemetan atzerabueltarik gabeko ondorioak dakartza, askotan nekazaritzarako edota basogintzarako lurretan, edota bernaturalizatuak izan beharko liratekeen eremuetan egiten baitira. Beharrezkoa litzateke Lurralde Plangintza Integralak garatzea eremu horietan jartzea saihesteko.

6.- Hego Euskal Herrian periferia eta mendialdeetan bizi den jende asko horren kontra altxatzen ari da: zenbait kasutan abisatu gabe heldu dira makro-proiektu horiek, zenbait udalek enpresa multinazionalen esku jo dute bertako biztanleengana, egitasmo horiek atzeraezinak izango bailiran. Jendea erasotua sentitu da, euren bizitokia eta bizimodua mehatxatua, azken urteotan espazio naturalen defentsan areagotu den jarrera gutxiestua,…. Kapital handiaren inposizio mugagabearen kontrako erreakzio herritarra logikoa eta osasuntsua da eta horregatik Jauzi Ekosozialak babestu eta bultzatuko du datorren maiatzaren 20an Gasteizen deitu den manifestazioa.

7.- Baina, kasu! Euskal ekologismoa erosoa sentitu daiteke protesta eta tokian tokiko erresistentziaren logika eta dinamikan -azken finean, horrela jardun du hamarkada luzetan, kapitalismoaren garapenkeria hipokritari ukazioaren indarra kontrajarriz, bertako botere politiko tematiek besterako tarterik utzi gabe-, baina krisi klimatiko eta ekosozialaren errealitate gordinak beste dinamika baterako jauzia ematera behartzen gaitu. Indar lokalak ahul diren lekuetan makro-proiektu berriztagarri kaltegarriak kokatu daitezkeelako energia trantsizioaren helburua desitxuratuta geratuz, eta bitartean, energia kontsumoaren murrizketan eragin positiborik ez lortu.

8.- Horregatik gure ustez, makro-proiektuen merkatua gelditzeko tenorea da, baina hein berean bada garaia energia berriztagarrien zabalpenaren planifikazioa egiteko, debate herritarraren, demokrazia parte hartzaile eta deliberatiboaren mekanismoen eta politika publikoen potentzialitate guztiak abian jarriz, era garden, demokratiko eta zintzoan, aitzakiarik gabe eta denbora galdu barik, leku urbanizatu eta degradatuetan energia berriztagarrien azpiegitura txikiekin hasi (poligonoetako teilatuetan, bertan behera lagatako orubetan,..), baina beste dimentsiotako ekipamenduen balizko beharrari uko egin gabe. Eta ezbaiaren muinean egon behar da tokian tokiko populazioarekiko begirunea, instalazio berriztagarrien jabego eta baliatze komunitario zein kooperatiboa eta ekonomia lokalen garapena, proiektuen dimentsio teknikoak ere tokian tokiko errealitatera egokituz, eta, adi berean, inpaktu sozio-ekologikoak erreparatzea ahaztu gabe.

9.- Planifikazio demokratiko parte hartzaile hori beste batzuekin batera garatu behar da: eremu naturalen babesa eta hauen hedadura areagotuz; nekazaritza eta basogintza lurrekin prozedura bera berrabiatuz; eta, lehen esan bezala, energia kontsumoaren demasakeriak galgatzeko planifikazio zorrotz bezain zurrunak martxan jarriz.

10.- Energia lurralde-dimentsioa duen boterea da, botere horren aurpegia gizon zuriarena delarik. Horrek eredu guztia egituratu du eta bizitzak erdigunean jartzea oztopatu. Trantsizio honen oinarri materialari ezin zaio ezikusiarena egin. “Hegoalde globalean” gertatzen den neoextraktibismoa globalki artikulatuta dago baina tokian-tokian definitzen da, lurraldeak arpilatuz. Nahikotasunaren kulturaz gain dinamika horiekin apurtu behar dugu! Bestalde, energia bizitza duinak eraikitzeko ezinbestekoa da, eta ereduak denok zaurgarritzen bagaitu ere, zerbitzu erabilgarria, irisgarria eta kalitatezkoa denontzako bermatua egoteko botere-harremanen zaintza ezinbestekoa da.

Gehiago