Izurdiagan AHTren zundaketak baimenik gabe hasi direla ohartarazi eta mobilizatzeko deia egin dute
STOP AHT ZUNDAKETAK ekimenak deituta, bihar elkarretaratzeak eginen dituzte goizez eta arratsaldez. Atzo 40 lagunek batzar informatiboa egin zuten.
2025-ko urtarrilak 19
Lekukoek jakinarazi dutenez, ostegun goizean, Izurdiagan, CEMOSA enpresako langileek, makina zulatzaile baten bidez, zulo bat egin zuten trenbidetik oso gertu dagoen errepidearen bazterbidean. Bazkalorduan makina kamioi batean eraman zuten eta arratsaldean makinarekin itzuli ziren iluntzera arte lan egiteko. Segurtasun pribatuko bi agentek babestu zituzten lanak. Ostiralean, ez zen azaldu ez langilerik ez makinarik, baina iragarri zuten datorren astelehen eta asteartean ekingo zietela lanei, eta ondoren zundaketak egingo zituztela Urrizolan. Langileek esan zuten Nafarroako Gobernuaren baimenarekin egiten zutela lan.
Arakilgo alkateak, Izurdiagako kontzejua barne hartzen duenak, batzarrean esan du Udalak ez zuela baimenik eman lanak egiteko eta, beraz, ez dutela legezko estaldurarik. Adierazi du atzotik, ostiraletik, gelditzeko agindua eman dutela. Astelehenean lanera itzuliko balira, Foruzaingoari deituko liokeela adierazi du, lanak eten ditzaten.
Lanak berriro martxan jartzea salatzeko, batzarrak elkarretaratze iraunkorra deitu du astelehen osorako, bi deialdirekin: goizeko 9: 00etan eta arratsaldeko 15:00etan Izurdiagako futbol zelaian.