Izaskun Lesaka euskal preso politikoa borrokan, preso dagoen bere bikotearekin elkartzeko exijituz

Fleury Merogis espetxean gizonen moduloetan aurkitzen diren preso politikoak borrokan ari dira dibisio bakar batean jar ditzaten aldarrikatuz.

2016-ko ekainak 23

Izaskun Lesaka euskal preso politikoak protesta bat abiatu du Poiters-Vivonneko espetxean. Burlatako presoa protesta gisa mitarrean sartu zen asteazkenean ekainaren 15ean, Fleuryn preso dagoen Joseba Iturbide bere senarrarekin elkartua izateko. Atzo asteazkenean bukatzen zen eman zioten 7 eguneko zigorra baina protesta horrekin segitzeko asmoa du.

Izan ere, 2014ko urtean ezkondu ziren Izaskun Lesaka eta Joseba Iturbide euskal preso politikoak eta geroztik espetxe ezberdinetan mantenduak izan dira, leku berdinera trasladatua izateko egin zituzten eskaera guztiekin eta Le Vert epailek egoera konpontzeko ahoz hartu zuen konpromisuarekin ere.

Bitartean, Fleury-Merogis-eko gizonen aldean dauden euskal preso politikoak ekintzak biderkatzen dituzte elkartuak izateko.

Espetxe honetan aurkitzen diren gizonezko euskal preso politikoek maiatzaren hasieran elkartuak izateko dinamika bat abiatzen zutela jakinarazi zuten. Dibisio bakar batean egotea eskatzen dute, eta ez bi ezberdinetan banatuak orain arte bezala. Lehen urratsa zuzendaritzari eta beste hainbat eragileei gutun bidalketa bat izan zen, kartzelatik astelehen eta asteazkenetan, kaletik modu masibo batez.

Ekainaren 6an, 10 minutuko patio blokeo sinboliko bat egin zuten. Zuzendaritzak gauzak ez zirela aldatuko esan zienez, beste urrats bat ematea erabaki zuten eta blokeo luzeago bat egin zuten. Ondorioz, mitarreko zigorrak banatu zizkieten espetxeak, 8 eta 12 egun arteko iraupen ezberdinekin.

Mitarretik atera ziren lehenek patiora ez ateratzea azken kidea mitarra utzi arte erabaki zuten. Ondotik, haien protesta nola segitu erabakiko dute.

Gehiago