Izadiren aitari 3. gradua kendu dio ANk, eta berriz espetxeratzeko agindua eman du
Iñigo Gutierrez euskal preso politikoa, Maria Lizarraga preso nafarraren bikotea eta Izadiren aita, berriz Zaballako espetxean sartu dute Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakiaren ondorioz. Salbuespenezko epaitegiak 3. gradua kendu dio eta berriz 2. graduan sailkatu du. Gutierrez baldintza guztiak betetzen zituen 3 gradua eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko, horien artean, bere alabaren zainketa egitea. Etxeratek hurrengo komunikatua zabaldu du:
2022-ko otsailak 14
Iñigo Gutierrez Carrillo Algortako preso
politikoak gradu-erregresioko auto bat jaso du, eta, horren arabera,
bigarren graduan espetxeratu dute berriro, Zaballako Gizarteratze
Zentroan hirugarren graduan hurbildu eta bi aste eta erdira.
Iñigo Gutierrezen kasuan, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki zuen
hirugarren gradura igarotzea, eta orain Espainiako Auzitegi Nazionalaren
(AN) mendeko Espetxe Zaintzako epaileak eman baitu euskal presoaren
bigarren gradurako erregresioa. Espainiako salbuespeneko auzitegi hori
izan da, beste behin ere, euskal preso batentzat gradu-erregresioa eman
duena, Unai Fanoren kasuaren ondoren, joan den irailean, zortzi
hilabetez kalean bigarren graduan egon ondoren, eta Jon Cresporen
berriena, Basauriko espetxean berriro sartu behar izan zuena, nahiz eta
2021eko urritik hirugarren gradua izan.
Gutierrez hirugarren gradura igaro izanaren arrazoien artean, bere alaba
zaindu izana aipatu behar da; izan ere, hiru urte bete ondoren, duela
gutxi utzi behar izan zuen aitarekin eta amarekin bizi zen espetxea.
Bitartean, Maria Lizarraga Algortako presoaren bikotekidea, neskatoaren
ama alegia, Zaballako espetxean preso dago. Era berean, adierazi behar
da euskal presoak bere zigorraren hiru laurdenak bete zituela 2019an,
eta hamalau urteko espetxe-zigorra osorik beteko duela datorren
uztailean, Nahiko arrazoi dira honako hauek Iñigo Gutierrez dagoeneko
kalean egoteko.
Pisuzko arrazoi objektiboen aurrean ez da ulertzen ANren erabaki hori.
Fano eta Cresporen kasuetan adierazi dugun bezala, gradu-atzeraldi
horren ondoren, presoaren eskubideak kaltetu egiten dituzte baina ez
bera bakarrik, haren familia eta ingurunea ere kaltetuak izaten dira;
kasu honetan, hiru urteko neskato bat, une honetan aitaren presentzia
eta arreta behar dituena, eta, bestalde, legeria arrunta aplikatuz,
aspaldi aske egon behar zuena.
ANk berriro oztopatzen du euskal preso batek bere herrira itzultzeko
hasitako bidea, birgizarteratzeko eskubidea urratzen baitu. Euskal
gizartearen gehiengo zabalak partekatzen duen konponbidean, bizikidetzan
eta bakean aurrera egiteko testuinguruari uko egiten dio. ANren
erabakiak euskal gizarteak arbuiatzen duen salbuespenari eusten dio.