Izadik gurasoekin egon behar duela aldarrikatzeko kalejira eta ikuskizuna azaroaren 13an Burlatan
Izadi Gurasoekin etxera ekimenak deituta, datorren azaroaren 13an arratsaldean ikuskizun bat antolatu du 16:30etan Burlatan Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal preso politikoen alaba den Izadiren eskubideen alde.
2021-ko urriak 29
“Izadik gurasoekin egon behar du, eta hain bortitza izan daitekeen bereizketa hori ekidin behar dugu”, esan du ekimenak eta dinamika honekin hasi zirenetik izan dituzten harremanen berri eman dute: sindikatuak, alderdi politikoak, eragile eta norbanako ezberdinekin kontaktuak izan dituzte, eta diotenez, “Izadi gurasoengandik ez banatzeko kontsentsua garbia” da. “Legeak baditu neurri ezberdinak banaketa ekidin eta izadi eta gurasoen familia harremana ez erabat apurtzeko, hori da eskatzen duguna. Beharrezko neurriak hartzea izadik gurasoekin egoteko duen eskubidea bermatzeko”.
Gogoratu dute Izadiren 3. urtebetetzea hemendik gutxira izanen dela, eta beraz “atzera kontaketa bere azkenekoetan dago”. Hiru hilabete baino gutxiago besterik ez dira falta banaketa iristeko. Horregatik uste dute berriz kalera irtetzeko unea dela. Azaroaren 13an adin guztiei zuzendutako ikuskizun eta kalejiraren bidez eginen dute. “Musika, txarangak, pailazoak… denetarik izango dugu gure aldarrikapena doinuz, kolorez eta alaitasunez betetzeko. Kalejira 16:30etan abiatuko da Burlatako Udal plazatik txaranga, joaldun eta musikaz alaituta eta gerora 18:00etan Burlatako Kultur Etxean, beste askoren artean, Zirika Zirkuseko Pantxika Lamur, Porrotx eta Txapas eta Ene Kantakeko lagunak izanen ditugu gurekin”, adierazi dute.
Sarrerak Bibe bidez lortzen ahalko dira 4€ren truke.