Iturrama, itzaletik argira
Hodei Ijurko pasa den urteko 2018ko irailean espetxetik atera zen, eta orain Iturrama auzoak presorik gabeko auzoa dela ospatu nahi du, eta horretarako Itzaletik Argira ekimena jarri dute abian memoria kolektiboa lantzeko eta aurrera begirako auzo erronkak finkatzeko. Ahotsa.info-rekin elkarlanean, dokumental labur bat grabatzen ari da.
2019-ko otsailak 25
Historia gauza askok osatzen badute ere, jakin badakigu berau interpretatzeko orduan botere politikoen historia nagusitzen dela beti. Baina historia ez da botere politikoena. Pertsona partikular eta kolektiboen bizipen multzoek osatzen dute; alegia, herritar xumeen borroken, minen eta esperantzen historia ere bada.
Bizipen multzo horiek osatzen dute ere Iturrama auzoan azken 10 urteetan bizitako errepresioaren zulo beltzak eragin zuena. Eta estatu aparatuen errepresioaren gordintasuna pairatutako herri sektoreen kontakizuna argira ateratzeko unea ere badela pentsatu dute Iturrama auzoko Itzaletik Argira ekimen herritarrekoek.
“Guk kontatu ezean inork kontatuko ez dituen istorio asko barnebiltzen direlako hemen. Ahanzturan utzi ezin direnak”, diote. Nork azalduko du bestela bi urtetan (2008-2010) Iturrama bezalako auzo batek 10 preso izatera pasa izana? Nola ulertu horrelako egoera bat Iturraman? Erabateko jazarpen poliziala bizi izan auzoak garai hartan, gazteen kriminalizazioa komunikabide eta kalean, atxilotu zituztenak torturak salatu zituzten, batzuk kartzelara eraman zituzten, osotara 46 urteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten, sakabanaketa… “Zerk eraman zituen Espainiar estatua eta Nafarroako Erregimena Iturramako gazte eta auzokideen kontrako hainbesteko errepresioa burutzera? Auzoko belaunaldi eta herri mugimendu oso bat suntsitu nahi izatera?”, galdetzen dute Itzaletik Argira ekimenetik.
Dokumental labur bat grabatzen ari da
Errepresio honen aurrean antolatu eta altxatu ziren auzokideak urte guzti hauetan zehar kalean izan dira bere auzokoen eskubideen alde, eta espetxetik atera diren bakoitzean euren maitasuna adierazi diete. Eta orain, auzoko preso guztiak etxean daudenean, ez dute ahaztu nahi, eta bizitakoa kontatu nahi dute dokumental labur batean. “Izan ere, Iturrama auzoan azken 10 urte hauek Guardia Zibilaren, Espainiar Poliziaren, Auzitegi Nazionalaren zein Nafarroako Erregimenaren mendekuzko kontaketa faltsu batean gera ez dadin edota gertatutakoa ez dezaten ezereztu, gu gara, Iturramako auzokideok zein herri sektoreak historia idatzi behar dugunok”.
Iturrama auzoko azken 10 urteotako historia errepresioaren, zapalkuntzaren, jazarpenaren, etsipenaren, oinazearen eta amorruaren historia izan dela ahazten ez duten bezala, gainditze pertsonal eta kolektiboaren, bizitzaren, maitasunaren, borrokaren, duintasunaren eta itxaropenaren historia ere badela aldarrikatu nahi dute. Joseba Sarrionandiak «Kolosala izango da» liburuan idatzi zuen bezala, «ez genekien gerra hain makurra izango zenik, jende guztiaren etxera sartuko zenik, eskailerak igo, atea jo, eta barrura sartuko zela, eta atea jo gabe ere sartuko zela. Horrela hondatu ziren gure bizitza txikiak». Gerra zibilean kokatutako eleberria izanik ere, Itzaletik Argira ekimen herritarretik auzoko azken hamarkadako sentimendua azaltzeko ere balio duela ziurtatzen dute. “Baina gatazkak gure bizitzak gogor kolpatu zituen arren altxatzen ere ikasi genuela ezin da ahaztu, gure bizitzei duintasunez eutsiz”, eta horixe bera trasmititu nahi dute.
“Askatasuna maitatzen ikasi genuelako, eta bere aldeko borrokak gure auzokide, lagun, kide eta senideak gartzelara eraman zituela jakin eta errepresioaren alderik latzena maila pertsonalean zein kolektiboan pairatu arren, borrokaren alderik xamurrena ere ezagutu genuen, elkartasunarena”. Horregatik, 10 urte luzeren ostean eta Iturramako preso politiko guztiak kalean izanik jada, hemen daudela ospatu nahi dute berriro, “aurrera jarraitzeko” asmoarekin, “auzo bezala inoiz ez etsiz eta maitatzen genituen ideia eta balore berdinengatik borrokan jarraitzeko prest”. Iturrama “eraldatzeko eta pertsonak libre” egingo dituen “Euskal Herri euskaldun, sozialista eta feminista baten alde lanean”.
Dokumental hau finantzatzeko garagardo sortak saltzen ari dira (Ezpala tabernan, Coyote tabernan eta Herriko Tabernan salgai daude), eta kontu korronte bat ere ireki dute: ES83 3008 0077 1039 0342 6124.