Israelek eta AEBek Iranen aurkako eraso militarra salatu dute Iruñean

Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deituta, hamarka lagun bildu dira gaur eguerdian Iruñean "eraso inperialista" berri hau salatzeko.

2026-ko martxoak 1

Israelek eta Amerikako Estatu Batuek Iranen aurkako erasoa oraindik martxan dagoen honetan, Euskal Herrian lehenengo protestak izan dira. Iruñean, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak deituta, manifestazio bat egin da gaur eguerdian. “Eskolak eta azpiegitura zibilak erasotu zituzten, Irango gobernuaren ministeritzak eta lider gorenaren bulegoak jopuntuan jarri zituzten eta lider gorena erahil zuten, Irango agintaritza ezabatzeko asmoz”.

Ekimen honen iritziz, eraso berri hauek “AEBen eta Israelen estrategia inperialistari” erantzuten diote. “Asia Mendebaldea euren interesen pean egonkortzeko asmoa dute. Estatu Batuek nahi dute euren aliatu fidela den Israel eskualdean jaun eta jabe izatea, eta bere hegemonia zalantzan jar dezakeen agenterik ez egotea. Modu horretan, Israelek bere proiektu koloniala bururaino eraman dezake, inolako aurkaririk gabe”.

Horretarako, Iran ahuldu edo garaitzea ezinbesteko baldintza dela uste dute “interes inperialista estatubatuar eta israeldarrei aurre egiten dien agente indartsuena baita”. AEBen eta Iranen arteko negoziazioak “Iranen erabateko kapitulazioa” bilatzen zutela ere nabarmendu dute. “Orain, diplomaziaren bidez inposatu ezin izan dutena gerraren bidez inposatzea bilatzen dute”.

“Eraso inperialistak eskualde osoko herri langileentzat eta erresistentzia indarrentzat eragin kaltegarria izango dituen era berean, herri palestinarrarentzat ere albiste krudela da. Izan ere, gerran AEBak eta Israel garaile ateratzen badira, Israelek eskuak are libreago izango ditu Palestinar herriaren aurkako sarraskia eta lurren kolonizazioa gauzatzeko. Era berean, Palestinar erresistentziak baliabideak eskuratzeko zailtasun handiagoa izango luke eta eskualdean duen babes operatiboa arriskuan legoke”, aipatzen da komunikatuan.

Palestinarekin Elkartasuna ekimenetik “eraso inperialista” berri hau “irmoki salatzen” dute eta AEBen eta Israelen aurkako erresistentziari babesa erakusteko dei egiten dute.

Gehiago