Irurtzungo langile bat hil da bere lanpostura zihoanean
Irurtzungo 58 urteko langile bat gaur goizean hil da Iruñerriko Mankomunitateko (SCPSA) bere lanpostura joatean. LAB sindikatuak ohar batean adierazi du in itinere istripuak ere saihesten ahal direla eta lan istripu bezala zenbatu beha direla.
2023-ko urtarrilak 12
2023 urte honek utzi du gaurgero Euskal Herrian istripuz gertaturiko bigarren lan-heriotza, eta Nafarroa Garaiko lehena. 58 urteko A.A. langilea, Irurtzunen bizi zena, gaur goizean hil da Iruñerriko Mankomunitateko (SCPSA) bere lanpostura joatean.
LAB sindikatuak honen berri eman du, eta oharrean adierazten du Nafarroako langile klaseak estatuko istripu tasa handienetako bat duela. “Gainera, salatu izan dugun bezala, in itinere istripuek marka guztiak hausten dituzte Nafarroan: lan heriotza guztien %50 dira”, gehitu du.
Lan istripu horiek ekidin daitezkela esan du LABek. “Arrisku argi eta handia dago langile batek lanera motoan, goizeko 06:30ean, ilunpean, lainopean eta 2 °C-an 20 kilometro baino gehiagoan joan behar duelarik”, dio sindikatu abertzaleak.
“Azken hilabeteotan, Nafarroako Gobernuari salatu diogu enpresek ez dutela inolako neurririk hartzen legez laneko arriskutzat jotzen den arrisku hori kontrolatzeko, eta proposamenak ere egin izan ditugu, patronalak integratzeko. Baina gure proposamen bakar batek ere ez du erantzunik jaso”, salatu dute.
Txibiteren Gobernuari eskatzen diote behar ditzala enpresak Arriskuen Ebaluazioetan sar ditzaten langile bakoitzaren mugikortasun-arrisku zehatzak, eta in itinere arriskuak ahalik eta txikienak izateko beharrezko neurriak har ditzaten.