Iruñerriko Ikasle Abertzaleak antolakundeak isunei aurre egiteko kanpaina bat martxan jarri du

Uztailaren 10an, "Herri Mugimendua Aurrera" egunaren baitan, ikasle afaria eginen da Zaldi Zurian, eta kamisetak atera dituzte jaietan saltzeko.

2014-ko uztailak 5

Ikasturte osoan zehar, ikasleak isiltzeko asmoz, "eraso desberdinak" jasan dituztela salatu dute ikasle mugimendutik. "Errepresioa bortitza izan da; ikasleoi eskubideak urratu dizkigute desadostasuna erakusteagatik. Haien inposaketa eta hezkuntza proiektuak gogorrak izaten ari dira eta kontuan hartu beharrean, alde batera uzten gaituzte", diote komunikatu batean.

"Gure erantzunak alternatiba baten gainean eraikiak daude: Euskal Eskola Nazional bat eraikitzeko asmoz borrokatzen dugu egunero, baina Espainiar Estatuak bere tresnekin txikitzen gaitu etengabe", salatu dute. Aurten, errepresio ekonomikoan jarri dutela ardatza azpimarratu dute, "familia gehienentzat isun horiek traba handia direla jakinda".
 
Iruñerriko Ikasle Abertzaleen iritziz, hauek ez dira ikasle bakar batzuen aurkako erasoak, "ikasleria borrokalari osoaren aurkakoak baizik eta horregatik, denon artean aurre egitera" deitzen dute. Isunek suposatu dezaketen zenbatekoa handia izan daiteke, baina ikasleei laguntzen hasteko helburuarekin, bi ekimen martxan jarri dituzte Iruñeako jaiei begira.
 
Uztailak 10an, ''Herri mugimendua aurrera'' egunaren baitan ikasle afaria egingo da Zaldi Zurian 21:30ean. Egurra ta kittoren kontzertuan kalejira hasiko da zurrakapote eta musikarekin Zaldi Zuriraino. Bestetik, ikasle kamisetak salgai jarriko dituzte, bai kalejiran bertan eta baita La Bodegikan eta Jai Gunean ere.

 

Gehiago