Iruñerriko III. Euskal Jaia maiatzaren 17an ospatuko da Iruñeko Alde Zaharreko karriketan
Hirugarren aldiz, egun propio izango du jai honek, eta euskal kultura zabaltzea du helburu. Aurtengo edizioan, kulturan eta herri mugimenduan ematen ari diren murrizketak salatuko dira.
2014-ko apirilak 30
Aurtengo leloa “Aiztur guzien gainetik” izanen da. Gora Iruñeak! apirilean antolatutako Kultura Eztandari segida eman eta kultura alorrean egin diren murrizketak salatu nahi dituzte besta egitearekin batera. "Iruñeko Udalak bertako kultura babestu eta sustatu beharko luke, oztopoak alde batera utzita. Horregatik, murrizketak albo batera utzi eta kulturaren aldeko politikak egiteko tenorea dela aldarrikatu nahi dugu ozen", esan dute Euskal Jaiaren antolatzaileek.
Eta, horrekin batera, Nafarroako agintariek euskararekiko duten jarrera salatu nahi dute ere. "Euskaraz bizi den herriaren eguna izanen da maiatzaren 17a, bertako kultura zabaldu, aldarrikatu eta babesteko eguna".
Euskal Jaia, San Fermin Txikiton jaiotako ekimena
Iruñerriko Euskal Jaia euskal kulturaren alde lan egiten duten talde eta pertsonen arteko topagunea izateko asmoarekin jaio zen. Eta, aldi berean, euskal kultura eta nortasuna aldarrikatzeko "aukera alaia eta koloretsua" izan nahi du. Asmo hori erdietsi dute azken bi urteetan, eta dagoeneko esan daiteke Iruñerriko Euskal Jaia errotu egin dela eskualdeko kultura eskaintzan.
Urte askotan zehar zenbait taldeen artean euskal jaia ospatzen zen Aldapako San Fermin festetan. Eta berehala ohartu ziren Iruñeak egun propio bat behar zuela bere Euskal Jaia ospatzeko. "Argi genuen Iruñea ezin zela bere eskualdetik baztertu. Horregatik guztiagatik, 2012an aurrerapauso bat eman genuen eta eskualdeko euskal jaia antolatu genuen lehendabiziko aldiz", adierazi dute antolatzaileek.
Berrikuntzak egitarauan
Aurtengo Euskal Jaia ez da egun bakarrera mugatuko. Euskal kulturaren aldeko apustu sendoa egitea erabaki dute, eta ostegunean eta ostiralean ere izanen da jarduerarik. Ostegunean "Euskalduna naiz eta arraro nago" bakarrizketa saioa eskainiko dute Alegria peñan, 20:00etan. Euskal Herrian Euskaraz taldeak antolatutako saioa da. Bertan Barry Barrez eta Baltziskuetak umorearekin jorratuko dute euskaldunen egunerokotasuna. Ostiralean, berriz, bertso desafioa eginen dute, hau ere Alegria peñan. Bigarren horretan, gainera, pintxo-potea eskainiko dute iluntzea giro ederrean igarotzeko. 20:30ean abiatuko da saioa.
Egitarau orokorrari dagokionez, aipatzekoa da Ederlezi pastorala ekarriko dutela. Burgoen plazan izanen da hori, 17:30ean. Gainontzekoa iazkoaren antzekoa izanen da. Goizean kalejirak izanen dira Alde Zaharrean, eguerdian ekitaldi nagusia Udaletxeko plazan eta Larraindantza Gazteluko plazan. Bazkaria Arrano elkartean izanen da 12 euroren truke eta arratsaldean erromeria Nabarreria plazan. Gainera, elektrotxaranga Alde Zaharreko giroa berotzen arituko da Caldereria karrikatik kalejiran abiatuta, eta gauean kontzertuak eskainiko dira Gora Iruñea! Tabernan.
Egitaraua:
10:00etan herri gosariak Estafeta eta Jarauta karriketan.
11:30ean kalejirak Alde Zaharreko karriketan barna. Dantzariak, joaldunak, erraldoiak, trikitilariak, txarangak, fanfarreak…
13:00etan ekitaldi nagusia Udaletxeko plazan.
13:30ean Larraindantza eta erraldoien topaketa Gazteluko plazan.
15:00etan herri bazkaria Arrano elkartean, (bazkalondoan Ostatu ibiltaria taldea).
17:30ean pastorala Burgoen plazan.
18:00etan dantzaldia Nabarrerian: Karrikadantza eta Zwekere
18:00etan kontzertua Jarana peñan
19:00etan elektrotxaranga Alde Zaharreko karriketan barna (Kalekaldetik abiatuta).
22:00etan luntxa Gora Iruñea! tabernan.
23:00etatik 2:30etara kontzertuak Gora Iruñea! tabernan: Goienetxe Anaiak, Skabidean eta Chotakabra
*Egun osoan zehar txikiendako jarduerak Santa Ana plazan (txokolatada, puzgarriak, tailerrak, dantzari txikiak, etab).