Iruñerriko garraio publikoaren gehiengo sindikalak UGTri batzordearen lehendakaritza kendu dio greban izandako jarrera dela eta
Enpresa Batzordearen bileran, CCOO, ELA, ATTU eta LAB sindikatuek UGTren ordezkarien dimisioa eskatu dute grebaren amaieran izan duten jarrera dela eta. UGTk ez du eskaera aintzat hartu eta dimititzeari uko egin dio.
2026-ko otsailak 5
Eskaera hori plantillaren borondatetik sortu dela azpimarratu dute gainontzeko sindikatuek, eta horregatik, UGTk eskaera ez onartzea ikusita, lehendakaria eta idazkaria kargutik kentzeko bozketa egin da. Bozketa aurrera atera da aldeko bozka guztiekin, UGTrenak izan ezik. Ondoren, UGTko atal sindikalak bilera utzi du.
“Gehiengo sindikalak modu bateratuan lan egiten jarraituko du, orain arte egin dugun bezala, plantillaren interesak defendatuz. Gure lan-baldintzak hobetzea defendatzen jarraituko dugu, eta UGTk gutxiengoan sinatutako itunaren alderdiak salatuko ditugu, lege-hausteak eta legearen aurkako egoerak ahalbidetzen edo bultzatzen dituztenak”, iragarri dute sindikatuek ohar baten.
UGTri leporatu diote langileen batasuna apurtu izana eta alde bakarrez itun bat sinatu izana grebari amaiera emateko. Luze jo duen lan gatazkan “langileen batasuna indar handiena” izan dela gogoratu dute sindikatuek. “Batasunetik eta lan kolektibotik bakarrik egin ahal izango dugu aurrera eskubideetan, duintasunean eta bidezko lan baldintzetan”.
