Iruñeko Udalak euskararekiko duen jarrera aldatzeko salaketa kanpaina jarri dute martxan

“Udalak nirekin euskaraz” kanpaina aurkeztu du Iruñeko euskalgintza osatzen duten eragileek (AEK, AET, ELA, Haur Eskoletako Gurasoak, IKA, LAB, Sortzen, STEILAS, Zaldiko Maldiko) eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia. Kanpainaren helburua administrazioekin harremanetan euskararen erabilera nola dagoen mugatua erakustea da.

2022-ko azaroak 22

Izan ere, Iruñeko Udalak hizkuntza eskubideen kontra hartutako erabakiak horren adierazgarri direla azpimarratu dute.

“Hiriko euskararen ordenantzan bertan, euskara ez da gaztelaniaren pare ezartzen, Udalaren egunerokotasunean euskara bigarren planora zokoratzen dute, ez dira zerbitzuak euskaraz berdintasunean bermatzen, euskarazko berri gutxiago zabaltzen dira, aisia eta kultur eskaintzetan euskarazko aukerarik ia ez dugu, udalaren argitalpen eta euskarrietan ia ez da euskarazko alerik argitaratzen, Udalaren ekitaldi eta jarduera publikoetan euskarari ia ez zaio presentziarik eskaintzen…”, salatu dute. Horiek guztiak euskararekiko eta euskaraz bizi nahi duten herritarrekiko “gutxiespena” dela iritzi dute. “Hiriaren berezko hizkuntza da euskara, eta, beraz, Udalak euskararen presentzia berdintasunean bermatzeak, gutxitutako hizkuntza sustatzearekin batera, herritarrek euskara eroso erabili ahal izatea ziurtatuko luke”, aipatu dute.

Ekimen honen bultzatzaileek herritarrei ondokoa proposatuko diete: Iruñeko Udalaren aldetik azken urtean pairatu edo jaso dituzten hizkuntza eskubideen urraketa guztien berri ematea.

Urraketa hauen adibideak zerrendatu dituzte. Udaleko telefono batera deitu, eta euskaraz artatzeko beranduago deitzeko erantzun, Udalaren ekitaldi batera joan eta dena edo ia dena gaztelaniaz izan, Udalaren iragarkiak edo jakinarazpenak soilik gaztelaniaz egon, aisiarako eskaintzan euskarazkoa askoz urriagoa izan…

Horiek guztiak, urtarrilaren 31 bitarte jasoko dituzte, eta horretarako herritarrek ondoko bideak izango dituzte: Emailez, telefonoa@behatokia.eus helbidea, Whatsapp-ez 623363811 zenbakia, 948 14 61 72 telefonoa eta sare sozialen bidez Twiterren Iruñeko Euskalgintza etiketatuaz edo #UdalakNirekinEuskaraz traola aipatuaz.

Eta eskertuko dute dokumentuak, argazkiak, bideoak eta bestelako probak bidaltzea.

Jasoko diren urraketa guztiak Hizkuntz Eskubideen Behatokira helaraziko dituzte, txosten berezitu batean Iruñeko Udalean gertatutako egoerak jasota utzi eta Udaleko arduradunei aurkeztu zein Euskal Herriko irakurketaren barne txertatzeko.

Gehiago