Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak 165 familietako haurrak euskarazko eskola gabe utziko dituzte aurten

Itxaron zerrendetan gelditu diren familiei, hiriarekin muga egiten duten udalerrietako plaza libreen eta beste aukera batzuen berri emango zaie.

2021-ko maiatzak 14

Haur Eskoletako Gurasoak taldeak adierazi duenez, 165 familia euskararik gabe geldituko dira Iruñean hurrengo ikasturtean, behin-behineko zerrenden datuen arabera. Beste hainbat familiak gaztelaniara jotzen jarraitzen du etsita, euskarazko plaza bat lortzea zaila ikusten duelako eta geografikoki gaizki banatuta daudelako. “Hala ere –diote guraso taldetik– oraindik ere, euskara eskatzen da, baita onartzeko aukerak oso murritzak diren lekuetan ere”.

Bereziki Iruñeko hegoaldean omen da larria arazoa, “non zenbait haur-eskola topa daitezkeen bata bestearen ondoan, horietako bakar bat ere ez euskarazko murgiltze eredukoa”. Elkartearen ustez, haurren euskalduntzearen bidea nahita trabatzen ari dira, “familiek euskararen eskariari uko egitea eragin nahi dute. Badakite urte gutxiko tartea dela, kontziliazio arazoak daudela, hurbiltasuna lehenesten dela… Eta badakite ere, trabekin euskararen transmisioan eragiten ari direla. Euskarak, hizkuntza gutxitua den heinean, hezkuntza arautuan presentzia eta murgiltzea eskatzen du, baita etxean ikasita ere, eta are gehiago adin tarte horretan, non oso oinarri sendoak ezartzen diren ikaskuntza mota askotan, besteak beste, hizkuntzaren barneraketan”.

Horregatik, familiei eskatzen diete ez dezatela atzera egin eta joan daitezela informatzera antolatu duten bilerara. Haur Eskoletako Gurasoak informazioa biltzen ari da Iruñearekin mugakide diren udalerrietako haur eskola publikoetako plaza libreei buruz, beste aukera batzuekin batera, eta horren guztiaren berri emango dute Txantrea auzoko Auzotegin (Etxarri Aranazko kalea), maiatzaren 18an 18:00etan; bertaratzea baieztatu beharko da helbide honetara idatzita: hegurasoak.harrera@gmail.com.

Era berean, salatu dutenez, Nafarroako Gobernuak Iruñeko Udalak baino plaza gutxiago eskaintzen ditu eta ez du euskarazko murgiltze ereduko zentrorik eskaintzen: “Bada garaia alderdi euskaltzaleek sinatutako Gobernurako Programa-Akordioan agertzen den eredu mistoen promozioari uko egiteko”.

Gehiago