Iruñeko Peñek Sanferminetan alkateak izandako jarrera salatu eta jaietako Mahia eratzea eskatu dute
Iruñeko Peñen Federazioak Ez-Sanferminen balorazioa egin dute, eta oro har herritarrek izandako jarrera txalotu dute.
2020-ko uztailak 24
Iruñeko Peñen Federazioak ardura kolektiboa eskatu nahi du koronabirusaren berragerraldien aurrean. Ez-Sanfermin hauetan, Iruñeko herritarrek, oro har, erantzukizuna eskatzen zuten uneetan arduraz nola jokatu erakutsi dute. Ez minik gabe eta ahalegin handia eginez, gure jaiak ospatzeari utzi diogu, gure ingurua zaintzeko eta babesteko. Orain, konpromiso horrekin jarraitzeko unea da, egunetik egunera kasuen kopurua handitzen ari dela ikusten baitugu. Auzolana da Peñen jardueraren oinarria, eta ez dago egunero egiten ari garena baino lan kolektibo handiagorik, distantziak gordez, higienea zainduz eta maskara jarriz. Guregatik eta inguruko guztiengatik egiten dugu.
Iruñeko Peñen Federazioak ez genuen jai-balantzerik egiteko asmorik, aurten ez baita festarik izan. Baina komenigarritzat jo dugu erakunde, kolektibo eta Peñetatik azken hilabeteetan ematen ari garen erantzukizun-mezua azpimarratzea.
Aurten ez ditugu Sanferminak ospatu, baina kalera atera gara berdintasuna eta memoria aldarrikatzeko. Uztailaren 7an, Lunes Lilas kolektiboak antolatutako omenaldian Nagore Laffageren familiari gure babesa eman genien. Hilketa matxistaren 12. urteurrenean argi eta garbi aldarrikatu genuen beste behin ere: “Ez da Ez”. Uztailaren 8an, German Rodriguez gogoratu genuen, egia, justizia eta erreparazioa eskatu genituen 78ko sanferminetan hiriari egindako erasoa salatzeko. Beste behin ere, eskaera hori ez zen hilarria eta lore-eskaintza erasotu zutenen gustukoa izan, Peñek beti salatu eginen duguna.
Peñek uste dugu herritarrek, oro har, jokabide eredugarria izan dutela Ez-Sanfermin egunetan, nahiz eta erakunde batzuetatik mezu kontra jarriak iritsi diren. Zentzu horretan, alkateak antolatu zuen txupinazo alternatiboagatik gure haserrea adierazten dugu, udaletxeko fatxadan zapi erraldoi bat zintzilikatuz eta komunikabideak deituz. Gainera, euskara bigarren mailan uzten zuen zapia. Ez dugu sekula ulertuko egitarau ofizialik egon ez denean eta kolektibo guztiok gure jarduerak bertan behera utzi ditugun bitartean, meza bezalako ekitaldi tradizionalak mantendu eta baimendu izana, Iruñeko alkatearen parte-hartzearekin, besteak beste.
Hala ere, Sanfermin aurreko egunetan eta “ez-jai” egunetan, erakundeek, kolektiboek, jai-taldeek eta herritarrek elkarlanean eta koordinatuta lan egin dutela uste dugu. Gure ustez, hori da jarraitu beharreko bidea, eta horregatik eskatzen diogu Iruñeko Udalari Sanferminetako Mahaia deitzeko, denon artean antolatzeko, zalantzarik gabe, historiako jairik onenak izango direnak.
GUTXIAGO FALTA DA! GORA SAN FERMIN 2021