Iruñeko Peñek eta Gora Iruñea-k babesa eman diote Askapeña konpartsari
Espainiako fiskalaren Askapeña konpartsaren ilegalizazio eskaera salatu dute Iruñeako Peñen Federazioak eta Gora Iruñeak. Bilboko jaietako Askapeña konpartsari babesa eskaini, eta konpartsa-kideei elkartasuna erakutsi diete Iruñean egindako agerraldian. Bilboko konpartsak, Gasteizko Txosnak eta Donostiako Piratak gauza bera egin dute.
2015-ko apirilak 25
Peñen Federazioak eta Gora Iruñeak jai herrikoien aurkako erasoa salatu nahi izan dute: “Ez da Askapeñaren aurkako eraso soila, Euskal Herri osoko jai eredu herrikoiaren aurkakoa baizik”. Azpimarratu nahi izan dute ez dela jai eredu alternatiboaren aurkako lehen erasoa izan, baina bai orain arteko larriena.
Iruñeko agerraldian presente egon diren Askapeña konpartsako kideek “internazionalismoaren aurkako erasoa” salatu nahi izan dute. Konpartsaren ilegalizazio eskaera Askapena erakunde internazionalista eta Elkar Truke eta Herriak Aske elkarteen aurkakoa ere bada, eta 2010ean atxilotutako Askapenako 5 kideri 6 urteko espetxe zigorra eskatzen diete.
Askapeñak ezkutatzeko deus ez duela azpimarratu nahi izan du: “Internazionalistak gara. Jaia maite dugu, pozak, zorionak, elkartasunak eta borrokak haien lekua izango duten jaia. 24 urteko gure historian zehar, Askapeña konpartsaren ehundaka konpartsakideok modu publiko eta irekian egin dugu lan, xede bakarrarekin: Bilbon jai herrikoiak defendatu eta sustatzea, mundu hobe, justuago eta solidarioago baten aldarrikapenaren barnean. Lan horretan aritu gara, ari gara, eta, kontrakoak kontrako, arituko gara”.