Iruñeko haur eskoletan euskarazko plaza nahiko luketen 466 haurretatik 306 euskarazko plazarik gabe geratuko dira datorren ikasturtean
Gurasoen %56ak euskarazko haur eskola nahi dute, alegia, erdiak baino gehiagok beren auzoan euskarazko aukera izan balute beren seme-alabak euskaraz matrikulatuko lituzkeela.
2014-ko apirilak 28
Asier S.S., Iraia O.V., Unai T.C., Dafne R.G., Aretx I.O., Noa G.L., Amets M.C., Amaiur T.J., Mireia J.S., Eunate B.Z., Eider S.M., Xabat E.A., Oier L.Z., Suan A.B., Mikel J.G., Hegoi A.J., Hugo C. … horrela 466 arte. Horiek dira, izen abizenekin, heldu den ikasturtean beraien auzoan euskaraz matrikulatuak izatea nahiko luketen haurrak. Horrela adierazi zuten beren gurasoek martxoko matrikulazio kanpainan: auzoan euskarazko eskaintza balute euskaraz matrikulatuko lituzkete beren seme-alabak.
Baina behin eta berriro salatu duten bezala, Iruñeko Udalak euskaraz 160 plaza baino ez ditu eskaintzen eta guztiak Txantrean dauden bi haur eskoletan, gainerako auzoetako haur eskoletan plaza bakar bat ere ez. Hori da Iruñeko udalak euskarazko eskaria ezkutatzeko, ikustezin bilakatzeko, darabilen trikimailua. Izan ere, jakin badaki, auzo guztietan euskarazko aukera eskainiko balu eskaria hiru halako edo gehiago izango litzatekeela. "Udalak bere estrategia lotsagarriarekin aurrera darrai, euskarazko plaza gutxi eta guztiak auzo bakarrean eskainiz, euskarazko benetako eskaria ezkutuan mantendu nahi du", salatu du euskalgintzako mugimenduak.
Gero eta gehiago dira beren seme-alabak euskaraz hezteko erabakia hartzen duten Iruñeko eta Iruñerriko gurasoak baina Udalaren trikimailu edota azpikeria honen ondorioz, urtero ehunka guraso nahi hori gauzatu ezinik gelditzen dira. Izan ere, Udalak badaki plaza gutxi eta guztiak auzo berean eskainiz, gauzak asko zailtzen dizkiela gurasoei; asko direla beren seme-alabak egunero-egunero Donibane, Iturrama, Arrosadia edota Etxabakoizetik Txantreara eraman eta ekarriz ibili ezin daitezkeen gurasoak; asko direla lanera joan aurretik bidaia horietan denbora galtzen ibili ezin daitezkeenak, asko direla haur bat auzoko ikastetxean hasia izanik bestea Txantreara eraman eta ekarriz ibili ezin daitezkeenak…
"Hori guztia Iruñeko udalak badaki, izan ere, tristea eta sinesgaitza izan arren, horrexegatik egiten du. Hori guztia dakielako egiten du hain eskaintza urria euskaraz eta guztia Iruñeko mutur batean".
Udalaren mantra, euskarazko eskaria mugatua dela eta horregatik ez duela zabaltzen euskarazko eskaintza izan da. Bada, aurten herri mugimenduak egin duen datu bilketak Udalaren aitzakia hori baino ez dela frogatu du. Izan ere, emaitza argia izan da: guraso guztiengana iristeko aukerarik ez izan arren (datu bilketa soilik Erraldoien Txokora hurbildu ziren gurasoen artean egin zen) auzoan euskarazko aukera izan balute beren seme-alabak euskaraz matrikulatuko zituztela adierazi zuten 466 haurren gurasoek. Horien guztien nahi argia jaso dute, izen abizenekin, eta horien guztien nahia helarazi diote Iruñeko Udalari, guztien eskariak Udaleko erregistroan aurkeztuz.
Udalak berriki haur eskolen matrikulazioari buruzko datuak iragarri ditu. Udalak dio 1.087 plazetatik 514 plaza aurreko urteko umeekin bete direla eta aurten 573 plaza berri atera dituela, hala nola plaza berri horietarako izena eman dutenak 827 izan direla. Bada, datu horiek kontuan hartuz eta herri mugimenduak egindako datu bilketako emaitzak eskuan, esan daiteke izena eman dutenen %56ak euskarazko haur eskola nahi duela, alegia, erdiak baino gehiagok beren auzoan euskarazko aukera izan balute beren seme-alabak euskaraz matrikulatuko lituzkeela.
"Beste behin, Udalak ez du benetako eskaria zenbatekoa eta nolakoa den jakiteko bitartekorik jarri. Herri mugimenduak frogatu bezala, informazio hori biltzea benetan erraza den arren, ez du egin nahi izan. Aurreinskripzio orrietan bi galdera egitea bezain erraza: “Zein auzotako haur eskolan matrikulatu nahi duzu zure seme-alaba?” eta “Zein hizkuntzatan?”. Udal batzak birritan agindu dio Udal gobernuari aurreinskripzio orrietan informazio hori bil dezala baina Udal gobernuak berearekin darrai, jakin badakielako, hori eginez gero, urtez urte ezkutatu duen errealitatea agerian geldituko dela, alegia, eskariaren erdia baino gehiago euskarazko eskaria dela", azpimarratu dute.
Jada arloko arduraduna den Fermin Alonso zinegotziarekin bilera eskatu dute eta Udalean gaiari buruzko lan-saioa egiteko eskaria egin dute. "Gure helburua argia da: 2015-2016 ikasturtean euskarazko eskaintza Iruñeko auzo guztietan", gogoratu dute.