Iruñeko Euskalgintzak haur eskolen inguruan PSN eta Gobernu taldearen akordioa ez nahikotzat jo du
EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekin alderdiek akordioa lortu dute Iruñeko haur eskolen euskarazko eskaintzari dagokionez. Honela, hiriko haur eskoletan euskarazko 102 plaza gehiago eskainiko dira datozen bi ikasturteetan.
2025-ko martxoak 10

Akordio honen arabera, Arrosadiako haur eskolan 16 plaza gehiago eskainiko dituzte euskaraz, Mendebaldean 43 eta Donibaneko haur eskola berria eraikitzearekin batera, euskarazko 43 plaza berri ezarriko dituzte, gaztelaniazkoekin batera.
Gaur egun, Txantreako Izartegi Haur Eskola da Iruñean euskarazko murgiltze eredua duen bakarra. Eredu mistoa berriz, Goiz Ederren (Arrotxapea), Printzearen Harresin (Arrosadia), Lezkairun eta Hello Buztintxurin eskaintzen da.
Udalak lortutako akordioarekin euskara Mendebaldea eta Donibane auzoetara zabalduko litzateke. Baina murgiltze eredurik ez da ezarriko. “Beraz, euskarazko benetako eredua eskaintzen duen Haur Eskola bakarrarekin jarraituko dugu, orain arte bezala”, ondorioztatu du Iruñeko Euskalgintzak.
“Donibanen sortzear dagoen Haur Eskolan ere euskarazko murgiltze eredua eskaintzeko aukera galdu dugu, honela, auzo berean bi haur eskola egonen dira, bata gaztelaniaz eta bestea gaztelaniaz eta euskaraz.”
Aurrepausoa bai, baina borrokak dirau
Euskalgintzak ez du ukatzen erdietsitako akordioa aurrerapausu bat denik “baina zoritxarrez, euskaldunon urteetako borrokak bide luzea du oraindik ere egiteko”.
Euren ustez “eskaintza eta merkatu arauetan kokatutako erabakia” da. “Oker handia, izan ere, administrazio publikoen egitekoa da parametro horietatik aldentzea, eta, horretarako, berebiziko garrantzia du auzo guztietan gutxiagotutako hizkuntza eskaintzeak. Horrelako neurriekin ez gara euskara sustatzen ari, eta, inondik inora ekitate neurriak ezartzen ere”, iritzi dio.
Euskalgintzaren arabera “hezkuntzaren oinarriak izan behar dira gizarte justuago eta berdinzaleagoa eraikitzea. Proposamenak egiten direnean, ez dira betikotu behar ez eskaera indibidualak ez datu soziolingusitikoak ere. Izan ere, horrek suposatzen baitu injustiziak eta hizkuntza minorizatuak legitimizatzea”.
Bukatzeko, Iruñeko Euskalgintza Taldeak eskatu du euskara kriminalizatzeari eta hiritarren hizkuntza eskubideak urratzeari uztea eta euskara Iruñeko auzo guztietara zabaltzea.