Iruñeko Alde Zaharreko auzo jardunaldiak urriaren 16 eta 17an egingo dituzte
Bilerak hainbat lekutan izango dira, talde txikietan eta aldez aurreko izen ematearekin. Urriaren 17an, larunbatarekin, konfinamenduan auzoan sortutako laguntza sareei buruzko dokumentala aurkeztuko dute.
2020-ko urriak 9
AZ Ekimenak Alde Zaharreko auzokideak parte hartzera deitu ditu urriaren 16 eta 17an antolatutako auzo jardunaldien edizio berri batera. Bost urte dira jardunaldi hauek egiten direla eta iaz 250 lagunek parte hartu zuten. Urtero, auzokideak elkartzen dira auzoan martxan dauden proiektuak ezagutzeko eta hurrengo hilabeteetarako lan ildoak finkatzeko. Horrelako gogoeta kolektiboak oso aberasgarriak dira beti, baina aurten, garrantzia berezia hartuko dute. Osasun egoerak sortutako ondorioek auzo mugimendua bere burua berrasmatzera behartuko baitu.
Jardunaldiak arratsaldez hasiko dira urriaren 16an, ostiralarekin. Saio horretan bertaratutakoek eztabaidatuko dute auzoko beharrei buruz eta horien gainean AZ ekimenak izan dezakeen esku hartzearen inguruan. Horren ostean, hurrengo urterako lan ildoak markatuko dituzte. Saioa toki ezberdinetan egingo da, une berean, talde txikietan eta osasun neurri guztiak bermatuz. Espazioak eta taldeak antolatzeko, aurten beharrezkoa izango da aurretik izena ematea proyectoazekimena.az@gmail.com helbidera mezua bidaliz edo whatsapp-a idatziz 606 248 124 telefonora. Bertan adierazi beharko dira: datu pertsonalak, kontakturako datuak eta parte hartzeko hizkuntza taldea (euskara edo gaztelania).
Urriaren 17an goizez, larunbatean, jardunaldiek segida izango dute Nafarroako Antzerki Eskolan. Hasteko, aurreko eguneko ondorioak aurkeztuko dira eta, ondoren, konfinamendu garaian sortutako auzoko zaintza eta laguntza sareen lana erakusten duen dokumentala estreinatuko da. Kasu honetan ere edukiera mugatua izango da eta lehentasuna izango dute ostiralean jardunaldietan parte hartu duten pertsonek.
Jardunaldiak “Auzoa bateratua konfinamenduan / El barrio unido durante el konfinamiento” argazki erakusketarekin osatuko dira. Hau ikusgai egongo da Santa Ana plazan urriaren 13tik 18ra.
Zatiz zati
Jardunaldiak “Zatiz zati” kanpaina berrabiarazteko erabiliko dira. Kanpaina hau aurreko neguan martxan jarri zuen AZ ekimenak laguntzaile kopurua handitzeko. Kanpainak nabarmendu nahi du ekarpen ekonomikoek auzoko lanetan duten garrantzia AZ Ekimeneko taldeak eta proiektuak bideratu ahal izateko. Laguntza ekonomiko hori hil edo biziko bilakatu da une honetan, diru sarrerak sortzen zituzten tailer eta ikastaroak nabarmen urritu baitira.