Irunberriko gazteek euren jarduerak egin ahal izateko espazio bat aldarrikatu dute Erika Herrigunearen okupazioaren urtemugan
Erika Herrigunea okupatu zenetik urte bat pasa denean, Irunberrin gazteek espazio propio bat izateko duten beharraren aldarrikapena ez da itzali. Erika Herrigunea okupatu eta gutxira hustu zuen Udalak, eta pasa den astean kalera irten ziren herriko gazteak berriz ere.
2020-ko abenduak 29
Irunberriko gazteok denbora asko daramagu guk geuk kudeatutako espazio bat aldarrikatzen, gure proiektuak modu askean garatzeko. Jarduera ugari antolatzen ditugu herrian, eta horretarako lokal propioa behar dugu. Herriko kolektibo gehienek udalak utzitako lokalak erabiltzen dituzte, eta logika honetan lokal baten eskaria zilegi ikusten dugu.
Baina ez da aldarrikapen berria; duela urte batzuetatik dator. Eskaera hori askotan helarazi zaio udalari, baina beti ez da kontuan hartu. Udalarekin negoziatzen saiatu gara, akordio batera iritsi ahal izateko. Hala ere, ez dute inoiz inolako interesik erakutsi. Horregatik, gure kabuz aurrera egitea erabaki genuen.
Hori dela eta, 2019ko abenduaren 24an, duela urtebete, Erika plazan dagoen eraikina gure egitea erabaki genuen, gure proiektuari hasiera eman ahal izateko. Horrela, luzaroan landutako amets eta proiektu bat bete zen
Baina, handik gutxira, abisatu gabe, urtarrilaren 22an, eraikina ixtea erabaki zuten, gure sarrera saihesteko horma bat eraikiz. Gure egonaldi osoan zehar eta ondorengo kanporatzean, gurekin hitz egiteko inolako interesik erakutsi gabe jarraitu zuten, okupazioa aitzakia bezala erabiliz.
Aurten, egoera dela eta, gure jarduerak murriztu egin dira, baldintza faltagatik. Baina udalarekin harremanetan jartzen saiatu gara, gure kezkak alde batera uzteko erabili baitu egoera.
Horregatik guztiagatik, gaur, sarreratik urtebete bete dela aprobetxatuz, gure kezkak azaltzera eta aldarrikatzera gatoz, eta eskerrak eman nahi dizkiogu herriari garai honetan emandako babesagatik. Erakutsi behar diegu konponbiderako bidea eseri eta hitz egitea dela. Gora Erika HERRIGUNEA!