Irakaskuntzan beste greba bat deitu dute sindikatu guztiek: urriaren 29an Gobernua mugitzen ez bada
2024-ko urriak 2
Joan den ostegunean Irakaskuntza Publikoan egindako greba oso positiboa jo dute deitzaileek. Haien hitzetan “irakasleek argi eta garbi hitz egin zuten” eta Nafarroako Gobernuari “ikastetxeetan egun dauden arazoak konpondu behar dituela jakinarazi zioten”. Sindikatuek azpimarratu dute “irakasleak gainezka” daudela “eta soluzioak nahi” dituztela.
Gobernuaren aldetik ez dela erantzunik eman ere salatu dute gaurko agerraldian. “Gobernuak ezin du ezikusiarena egin, eta beste behin ere sindikatuekin negoziatzeko eskatzen diogu. Irakaskuntza publikoak eta irakasleek dituzten arazoei konponbidea eman nahi diegu. Eta hori orain egin behar da, mahaigaineratu diren aldarrikapenen inguruko proposamen zehatzekin, bai eta horiek ezartzeko behar diren egutegia eta finantziazioarekin ere”.
Datozen aurrekontuetan irakasleen aldarrikapenak aintzat hartu beharko direla galdegin dute, eta hori gertatzen ez bada, berriz kalera ateratzeko deia eginen dutela iragarri dute. Beste greba bat deitu dute heldu den urriaren 29an. Deialdi honekin batera egingo diren mobilizazioen berri emango dute hurrengo egunetan.
Parlamentuko talde politiko guztiei euren aldarrikapenek behar duten inbertsioa lortzeko ahalegindu daitezen eskatu dute sindikatuen ordezkariek. “Gure aldarrikapenen asmoa da Nafarroako ikasle guztiei behar eta merezi duten zerbitzurik hoberena ematea. Denok merezi dugu: ikasleak, familiak eta irakasleak”, bukatu dute.