Irakaskuntzako sindikatu guztiek datorren asteartean greba egiteko deialdia egin dute
2024-ko urriak 25
Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatuek (STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT) azken negoziazio mahaian Hezkuntza Departamentuak aurkeztutako proposamenak “guztiz eskasak” direla uste dute, “ez baitago ratioen jaitsierarik hezkuntza etapa guztietan, ez benetako neurririk lan-gainkargari aurre egiteko, eta ez da plantillen egonkortzea aipatzen, ez eta erosteko ahalmena berreskuratzeko neurririk ere”. Gainera, negoziazioa oztopatzen jarraitzen dutela salatu dute, “proposamen zehatz bakarra 55 urtetik gorako langileen eskubideak murriztea delarik”.
Komunikatu amankomun batekin azpimaratu nahi izan dute irakasle guztien “konpromiso eta inplikazioa”, eta nabarmendu dute horri esker Nafarroako irakaskuntza publikoak “erantzun egokia eman die azken urteotan aurre egin beharreko erronka eta oztopo ugariei”. Euren esanetan, Hezkuntza Departamentuak, ordea, “ez ditu ahalegin horiek aintzat hartzen, planteatzen ditugun aldarrikapenei entzungor jarraitzen duelako”.
Sindikatuak negoziatzeko prest agertu dira berriz ere, baina Hezkuntza Departamentuari “proposamen serio bat egitea” eskatzen diote.
Bien bitartean, hezkuntza komunitate osoari eta gainerako herritarrei datorren asteartean, urriaren 29an, Iruñeko eta Tuterako kaleetan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete “kalitatezko irakaskuntza publikoaren alde”.