Irailaren 18an AEKko ikasleen besta ospatuko da Nabarreria plazan
19:00etatik aurrera, Iruñeko Nabarreria Plazan euskara ikasleen topalekua bihurtuko da ikasurte honi hasiera emateko. Musika zuzenean, euskara mintzodromoa, bakarrizketa eta beste hainbat sospresa izango dira besta honen osagaiak.
2014-ko irailak 9
Irailaren 18an euskara ikasleen besta ospatuko da, arratsaldeko 7etatik aurrera, Iruñeko Nabarreria Plazan. Nafarroako AEK-k antolatzen du eta bertan, besteak beste, Hesian taldeko lagunak, Jon Basaguren (Izaki Gardenak), Hutsun Txalaparta taldea, eta DJ JoTaTxo arituko dira giroa berotzen.
Musikaz aparte, AEKk Iruñeko mintzodromoa antolatu du.Talde txikietako jarduna, euskaraz mintzatzeko eta jende euskalduna ezagutzeko balioko duen dinamikak, hain zuzen ere. Bertan parte hatzeko izena eman behar euskaraikasleenbesta@gmail.com helbidean, hilaren 11 baino lehen.
Bestetik, euskara ikasi dutenen testigantzak, lehiaketa eta sari desberdinak, euskara ikasteko aukeren informazioa, eta beste motatako sorpresak izango dira Alde Zaharreko bihotzean.
Lehiaketa bat ere abian jarri dute AEKtik, euskara ikasi dutenek izan duten esperientzia esaldi bakar batean idatzi dezaten. Kontakizunarik ederrenarentzat saria Nafarroako txoko zoragarri baten egonaldia bi lagunentzat izango da, eta irailaren 18an jakinaraziko da, bestan bertan.
"Irailaren 18an, Iruñeko Alde Zaharra, besta giroan, euskara ikasleen topalekua izango da, euskara ikasi dutenena, euskara ikasten ari direnena, euskara ikaslea izatea pentsatzen ari diren horiengana ere bai, baita euskaraz bizi nahi duen ororena ere", adierazi dute AEKtik.
Matrikulazio kanpaina abian da
Nafarroako osoko euskaltegietan AEK-k hasiera eman dio 14/15 ikasturteko matrikulazioari. AEK, euskara praktikoari lehentasuna emanez, aukera desberdinak ematen ditu: aurrez-aurreko taldeak, autoikaskuntza, on-line eskaintza, azterketak prestatzeko ikastaroak, xede-talde desberdinak, maila eta ordutegi guztiak… "Lehen egunetik euskaraz mintzatzen hasiko zara", ziurtatzen dute.
AEK-k ia 40 urteko ibilbidea du helduen euskalduntzean eta Nafarroan ikasle gehien hartzen dituen euskaltegi sarea, 1200dik gora ikasle eta 70 irakasleekin, eta 55 auzo eta herritan hedatua dago.