Irailaren 16an Kataluniarekin elkartasunez Bilboko Autonomia kalea betetzeko deia egin du Gure Esku Dagok
Kataluniari eta urriaren 1eko erreferendumari babesa adierazteko manifestazioan demokraziaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko herritar eta eragile guztiak batu nahi ditu Gure Esku Dagok. Ikuskera, pentsamolde, jatorri edo jardunbide ezberdinetako pertsona esanguratsuen sostengua lortu du deialdi honek.
2017-ko irailak 6
“Ilusioz, itxaropenez, arduraz eta, batez ere, arretaz” bizi dute Gure Esku Dago ekimenak osatzen duten pertsonek Kataluniaren burujabetzaren aldeko prozesua eta urriaren 1ean eginen den erreferenduma.
“Urriaren 1ean, demokrazia dago jokoan, botoaren balioa dago jokoan, bozkatzeko askatasuna dago jokoan, eta herritar guztien duintasuna dago jokoan, edozein dela haien pentsaera eta edozein dela haien jatorria. Demokratok ezin gara begira gelditu, ea zer pasatzen den urriaren 1ean. Mobilizatu beharra daukagu funtsezko askatasunen defentsan, mobilizatu behar dugu katalanek bozkatu ahal dezaten, gure bozkatzeko askatasuna ere jokoan dagoelako”, adierazi dute GED ekimenetako kideek.
Bestetik, kezka eta ardura erakutsi dute “katalanen bozkatzeko nahiari eta erabakitzeko eskubidea erabiltzeari Espainiako Estatutik iragartzen ari diren erantzun demofobikoekin”. “Herritarron ardura da autoritarismoari aurre egitea. Eta, beraz, euskal herritarron babesak balio behar du zigor bidea, neurri errepresiboak eta mehatxuak alde batera geldi daitezen”, esan dute.
Mobilizazio “herritarra, anitza eta bateratzailea” izango da irailaren 16koa, eta, desberdintasunen gainetik, erabakitzeko eskubidearen alde dauden herritar eta sektore guztiak barnebiltzeko borondatea duela iragarri dute.
Mobilizazioaren inguruko azken xehetasunak
Irailaren 16an, arratsaldeko 17:30ean abiatuko da manifestazioaren burua La Casillatik ‘Bozkatu erabakitzeko’ eta ‘Demokrazia’ lelopean. Eta, Autonomia kalea, Hurtado Amezaga eta Plaza zirkularra zeharkatu ondoren, Udaletxean emango dio amaiera, itxiera ekitaldiarekin. Herriz herri autobusak antolatzen ari dira eta garraio bide hori edo garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egiten dute.