‘Intsumisioaren Parkea’ izanen da espetxe zaharreko orubea

Iruñeko espetxe zaharra zegoen orubeak izen berria izanen du urriaren 6tik aurrera. Udala babesten duten lau alderdiek, EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak agerraldi bateratua egin dute horren kontura. Intsumisioaren Parkea izena jarriko diote orube horri eta modu horretan, intsumiso izan zirenak omendu eta gogoan izan nahi dituzte baita Iruñeko Udaletik ere.

2018-ko irailak 28

Iruñeko espetxe zaharra zegoen orubeak izen berria izanen du urriaren 6tik aurrera. Udala babesten duten lau alderdiek, EH Bilduk, Geroa Baik, Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak agerraldi bateratua egin dute horren kontura. Intsumisioaren Parkea izena jarriko diote orube horri eta modu horretan, intsumiso izan zirenak omendu eta gogoan izan nahi dituzte baita Iruñeko Udaletik ere.

Astelehenean gainera, adierazpen instituzionala onartuko da intsumisoak gogoan izateko eta haienganako aitortza egiteko.

Alkateak adierazi du, Iruñeko espetxe zaharrak tamalez, intsumisioarekin eta bestelako bidegabekeriekin harreman estua izan zuela eta horregatik hautatu dutela orube hori omenaldia egiteko. Derrigorrezko soldadutzaren zein ordezko zerbitzu sozialaren aurkako kanpainak 30 urte beteko ditu otsailean. 1989. urtean aurkeztu ziren lehen intsumisoak. Espainiako Armadan soldadutza egiteari uko egiteaz gain, ordezko zerbitzuari ere uko egin zioten. Lehen biak epaitu zituzten urte horretan, eta 13 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zieten.

Mugimendu geldiezin baten hasiera izan zen: hurrengo urterako 2.450 intsumiso zeuden, eta 130 preso. 2000. urtean soldadutza bertan behera uztea erabaki behar izan zuen Madrilek. Nafarroan indar handia hartu zuen migumenduak eta horregatik, zor bat dagoela uste du EH Bilduko zinegotzi Joxe Abaurreak. Programaren gaineko akordioan ere jaso zelako, gertaera haiek gogoratzea garrantzitsua iruditzen zaio Geroa Baiko Itziar Gomezi. Desobedientzia hark baditu egun ere beste milaka aurpegi. Hala izan du gogoan Aranzadiko Manuel Millerak. Intsumiso izan zirenen senitartekoak izan ditu gogoan baita Ezkerrako zinegotzi Edurne Eginok ere. Bakearen eta askatasunaren alde borrokatu zirenen ama eta aitak.

Astelehenean adierazpen instituzionala aterako dute aurrera Udalean intsumiso izan zirenak gogoratu eta aitortza egiteko. Urriaren 6tik aurrera, oroitarria egonen da Iruñeko espetxe zaharraren orubean eta Intsumisioaren Parkea izendapena hartuko du.

Memoria historikoaren aitortzaren ildo berean, Udala, AFFNA36 elkartearen eskaera aintzat hartuta, zenbait gestio egiten ari da kartzela zaharreko atea jatorrizko harriez berreraikitzeko.

Udalaren ekimena Nafarroako Parlamentuak hartutako erabakiaren ondoren dator. Irailaren 20an parlamentuak bere errekonozimendua adierazi zine nahitaezko soldadutzaren aitzineko kontzientzia-eragozleei eta intsumisoei, zigorrak —espetxea eta desgaitzea— pairatu baitzituzten beraien konpromisoagatik eta borroka baketsuagatik, desobedientzia zibila erabiliz gizarte baketsu eta desmilitarizatua lortze aldera”.

Gehiago