Internazionalista astea antolatu dute Iruñerrian Ernaik eta Askapenak

Ernai gazte antolakundeak eta Askapena erakunde internazionalistak elkarlanean, Iruñerrian internazionalismoa lantzeko astebeteko egitarau oparoa osatu dute. Otsailaren 16tik 23ra munduaren egoerari errepaso sakona egingo diote Iruñerriko zenbait auzo eta herritan.

2015-ko otsailak 11

Kurdistango borroka, Latinoamerikako prozesuak, Ukrainako gerra, Ekialde Hurbila eta Estatu Islamikoa, inperialismoaren ofentsiba eta abar izango dituzte aipagai hitzaldietan. Helburua, begirada gure zilborretik altxa eta munduko askapen borroka eta herri boterearen esperientzietatik ikasteaz batera, inperialismoaren esku-hartze eta errepresioaz ohartzea. Internazionalismoa gazte prespektibatik jorratzea, azken finean.

Gazte, internazionalista, aditu eta brigadistek emango dituzte hitzaldiak. Izan ere, aurten ere Askapenak herrialde ezberdinetara brigadak antolatu ditu, eta brigaden aurkezpena egingo da hitzaldietan ere.

Asteari amaiera emateko, larunbatean, otsailak 21, Iruñerriko Internazionalista Eguna antolatu dute Kalekalden; auzo eta herrietan egindako lana, jai egun batean ospatzeko. Ikaste eta elkar-banatzerako tartea ere izango da ordea: goizean TTIP, Europar Batasuna eta Estatu Batuen arteko akordio izkutuaren inguruko hitzaldia antolatu dute. Herri mugimenduko hainbat eragilek parte hartuko dute bertan, akordioak arlo ezberdinetan nola eragingo digun azaltzeko: geopolitikan, lan arloan, ingurugiroan, emakumeoi zein gazteoi. Alternatibak bilatzera bideratuko da geroko eztabaida, borroka komunak bilatuz. Kalejira internazionalista batek emango dio jarraipena hitzaldiari, herri borrokalarien alde topa eginez, eta bazkaria izango da gero Kalekalden. Aurreko urteetako brigadistekin mahai-ingurua egingo da gero, brigaden esperientziak eta xehetasunak kontatzeko, eta egunari amaiera kontzertuekin emango diote.

Eta astelehenean, 23an, azken ekitaldia egingo dute: Kurdistango bi emakume izango dira Iruñean, Kurdistango herriaren borroka azaltzeko, emakumeen borrokatik Kobaneko garaipeneraino; lehen eskuko informazioa jasotzeko aukera aparta.

Iruñerriko aste internazionalista (Otsailaren 16tik 23ra)
– 16 astelehena: Mendillorri (17:30 Ezpondapea elkartean): KURDISTAN, herri baten askapen borroka

– 17 asteartea: Uharte (17:00 Ugazten): LATINOAMERIKA, egunsenti gorriaren bila
– 17 asteartea: Txantrea (19:00 Zurgai tabernan): ITALIAKO GAZTE MUGIMENDUA: ETXEBIZITZA ETA OKUPAZIOA. Turingo gazteen hitzaldia

– 18 asteazkena: Atarrabia (18:00 kultur etxean):  Zer ari da gertatzen ekialde Hurbilean?
– 18 asteazkena: Iturrama (19:00 Erletokietan):  UKRAINAko gerra. Donbasseko herri erresistentziatik testigantza

– 19 osteguna: Alde zaharra (19:30 Kalekalden):  Inperialismoaren hatzaparrak, munduari begirada internazionalismotik. Pintxo-potea egonen da

– 20 ostirala: Burlata (17:00 Axular elkartean): BOLIVIA, herri bat burujabetza eta sozialismoruntz

– 21 larunbata: Kalekalden egun osoan: INTERNAZIONALISTA EGUNA.

– 23 astelehena: Katakrak, 18:00: KURDISTAN, emakumeen borrokaren testigantzak: bi ekintzaile kurduren hitzaldia

 

 

Gehiago