Ingelesa, atzerriko hizkuntza

2015-ko urtarrilak 16

Iragan azaroan Juan Carlos Moreno Cabrera  (Madrilgo Unibertsitate Autonomoan Hizkuntzalaritza Orokorreko katedraduna eta alor honetan 40 urteko esperientzia duena) Iruñean entzuteko zortea eta, zergatik ez, gozamena izan nituen. Mahai inguru batean parte hartu zuen eta bere mintzaldia 18 minutu baino gehiagoko zerbait izan zen, ingelesaren inguruko mito guztiak eta argi koroak (onartzen zaizkion eta, noski, ez dituen botere magikoak barne) lurrera botatzeko aski denbora.

Hizkuntz kolonialismoaz mintzatzen hasi zuen bere hitzaldia, ingelesarekin gertatzen ari dena eta gaztelaniarekin gertatu zena eta gertatzen ari dena horixe baita, ingelesaren eta gaztelaniaren zoritxarrerako, besteak bezain duinak diren hizkuntzak baitira, baina berezko hizkuntzen aurkako kolonizazio arma gisa erabiliak direnak. Kanpoko hizkuntza bati bertakoei baino garrantzi gehiago ematea akats larria da, eta hori da, hain zuzen ere, hemen gertatzen ari dena, ingelesa baliagarriagoa dela erraten denean. Bere mintzaldian gezurtatu zituen mito hauetako batzuk, pisu handiko argudioekin:

Ingelesa munduaren hizkuntza da; ingelesarekin mundu osoan ulertzerik badago. Herri guztietan ingelesa hitz egiten dela erraten da eta hau ez da egia. Ingeles hiztunak diren herrietan mintzatzen da. Europa iparraldeko herri batzuetan (Herbehereak, iparraldeko herriak) ingelesa ongi menperatzen duen jendea aurki daiteke. Baina ez dago orokortua. Frantzian ingelesez ulertzerik ez dago, Alemanian ere ez, Errusian ezta ere, Grezian ere ez, Italian ezta ere, eta abar.

Ingelesa globalizazioaren hizkuntza da eta horregatik ikasi beharra dago, gero erabili ala ez, lanerako balio izan ala ez. Ingelesa ez badakizu pertsona akasduna zarela pentsatzeraino iristen da, gutxi gora behera analfabetoa. Ingelesaren ezagutzaren inguruan inkestak egiten direnean, jakin gabe ere baietz erantzuten da, ingelesa globalizazioaren hizkuntza dela dioen ideologia absurdo horregatik beldurra eta lotsa sentitzen delako. Ideia hori ere gezurra da. Ingelesa baliagarria da, baina bere inguru geografikoan beste edozein hizkuntza den moduan. Nafarroan hain zuzen ere egunez egunekorako baliorik gabeko hizkuntza da. Gehiegizko gainbalioa ematen ari zaio.

Ingelesa baldin badakizu lana aurkituko duzu, lan ona. Hau ere gezurra da. Gure seme-alaba guztiek ez dute lan eginen usteltze fasean dagoen sistema kapitalista honetako multinazionaletan goi mailako exekutibo moduan, ezta nazioarteko aireportuetan, ezta ingeles irakasle gisa. Populazioaren portzentaje altuak ez du egunez egunekoan inolaz ere behar izanen. Horregatik ez da beharrezkoa jende guztiak menperatzea. Gehienez jota, atzerriko hizkuntza baten edo batzuen oinarrizko ezagutzak edukitzea da gomendagarria. Ingelesak haiekin lehiatuko da arazorik gabe. Menperatzea beharko duena gehiago sakon dadila, baina maila pertsonalean.

Ingelesa hizkuntza erraza da eta besteen gainekoa. Hizkuntzak objektiboki ez dira ez errazak ez zailak. Hain zuzen ere, Nafarroan bizi garenontzat edozein latin hizkuntza (frantsesa, portugesa, italiera, eta abar) ikastea ingelesa ikastea baino askoz errazagoa da, gaztelaniarekiko duten gertutasunagatik. Ingelesa ikasteko erabiltzen den denboraren erdiarekin latin hizkuntza batzuk ikasi eta uler daitezke. Ingelesa eta gaztelania ulertzeko errazagoak direla erraten da eta horregatik zabaldu direla. Euren zabalkundearen arrazoiak ez dira espreski hizkuntzaren aldetikoak. Bost bokal soilik dituenez, gaztelania ulertzeko hizkuntza erraza dela erraten da. Ingelesak, adibidez, gehiago ditu (dialektoen arabera 16 ere), eta euskarak ere bost bokal ditu eta ez da bereziki zabaldu. Gaztelaniak 1.800 aditz irregular ditu, euskarak bi dituen bitartean (aditz laguntzaileak). Erraztasunaren eta nagusitasunaren gezurrezko argudio hori erabiltzen da zabalkundearen benetako arrazoiak estaltzeko: Politikoak, ekonomikoak, kulturalak, eta abar.

Ingelesa menperatu beharra dago. Ez da beharrezkoa. Bizi den tokiko hizkuntzak menperatu behar dira, horiek baitira baliagarriak (Nafarroan euskara eta gaztelania). Gainontzekoak menperatzeko arrazoirik ez dago; nahikoa da ulertzearekin. Ingelesa ez da hizkuntza bizia Nafarroan eta horrexegatik menperatzeko oso zaila da. Ingelesa menperatzeko obsesio hori frustrazio handia sortzen ari da, baita jende oso kultuaren artean ere.

Hiru eledun izateko joera (euskara, gaztelania eta ingelesa). Hiru eletasunaz hitz egitea akats handia da. Ingelesa ezin da ipini Nafarroan mintzatzen diren bi hizkuntzen maila berean (euskara eta gaztelania). Elebitasunaz hitz egin behar dugu eta atzerriko hizkuntzaz. Ingelesa atzerriko hizkuntza da eta atzerriko hizkuntzekin lehiatu behar du (frantsesa, alemana…). Nafarroako hezkuntza sistemak bermatu behar du Nafarroan mintzatzen diren bi hizkuntzak menperatzea. Kasu honetan gaztelaniak hizkuntza nagusia denez, eta bai ala bai ikasiko denez, hizkuntza saioen banaketak euskarari mesedea egin behar dio, adin goiztiarretan hizkuntza hau menperatzen dela bermatzeko. Ingeles saioak gehitu nahi badira, gaztelaniazkoen kaltetan izan behar da, ez euskarazkoak gutxitzeko.

Laburbilduz, Moreno jaunak erraten digu hau berezko hizkuntzen aurkako plana baino gehiago dela. Aspalditik datorren zerbait sakonagoa eta kezkagarriagoa dela. Eskuineko ideologia soilik ez. Are gehiago, ideologia guzti-hartzailea, baztertzailea, etnozida eta hizkuntzen hiltzailea da. Espainiako Estatua elebakarra da eta horrela ezagutzen du bere burua. Orain arma “eztabaidaezina” (lehenengo begiradan) aurkitu du, ingelesa, berezko hizkuntzen aurka erabiltzeko.

Nire gurasoak 60ko urteetan Extremaduratik etorri ziren. Nire hezkuntza Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eredu elebakarrean izan zen (gaztelaniaz), 13 urtetik euskara ikasgai gisa edukita. Hogei urteetan, ahalegin pertsonal garrantzitsuarekin, lehenengo ikasketak eta gero lana tartekatu nituen euskaltegietan euskara ikastearekin, 33 urterekin elebidun izatea lortu arte. Orain dela 18 urte Nafarroara etorri nintzen, orain dela 16 urte EGA eskuratu nuen eta orain dela 14 urte lur hauetan nire lehenengo lana izan nuen. Ordutik bost tokitan lan egin dut, elkartasun taldeen koordinadora batean, bi udaletan (Antsoainen eta Iruñean) eta Nafarroako Gobernuan. Bost enplegu horiek lortzeko euskara jakitea gakoa izan da. Nire kasuan Juan Carlos Morenok dioena baieztatzen da: Euskara baliagarria da Nafarroan. Niri, hain zuzen ere, parez pare zabaldu zizkidan lan merkatuaren ateak.

Nire bi alabek (10 eta 14 urtekoak) Arrotxapean D ereduan ikasketak egin ahal izateko zortea daukate. Adin goiztiar batetik, gain-ahaleginik gabe, elebidun dira eta gainera beste ereduetako ikasleen ingeles maila berbera edo goragokoa daukate, elebidun izateak beste hizkuntzen ikaskuntza errazten duelako.

Youtuben Juan Carlos Moreno Cabreraren mintzaldia ikustea gomendatzen dizuet. Benetan adierazgarria da. Batez ere hurrengo urteetan seme-alabak Haur Hezkuntza eta Lehenengo Hezkuntzan sartuko dituzten pertsonei gomendatzen diet:

https://www.youtube.com/watch?v=4z-nE1YF6mE

Gehiago