‘Independentziara egunak’ antolatu ditu Ernaik Hego Euskal Herriko 75 udalerritan

“Independentziara egin beharreko bideaz” hausnartzea da helburu nagusia. Apirilaren 20an, Aberri Egunarekin batera,  Berriozarren ospatuko duten Gazteon Eskutik jardunaldia izango dute azken geltoki.

2025-ko urtarrilak 22

Iturria: Argia.eus

Otsailean eta martxoan “Independentziara” egunak antolatuko ditu Ernai gazte antolakundeak 75 udalerri baino gehiagotan. “Independentziaren aldeko aldarria zabaldu, gazteen kezkak partekatu eta elkar ezagutzeko” egunak izango direla adierazi du Ernaik sare sozialetan.

Durango, Lekeitio, Oñati, Bergara, Tafalla, Lizarra, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta beste hamaika udalerritan hitzaldiak, erakusketak, bazkariak, kontzertuak eta abarrekoak prestatu dituzte, “Independentziara egin beharreko bideaz” hausnartzea xede du egitasmoak. Berriozar izango dute gazteek azken geltoki, apirilaren 17tik 20ra bitarte egingo den Gazteon Eskutik jardunaldietan. Apirilaren 20an Aberri Eguna ospatuko dute.

Gazte antolakundeak azaldu du hau ez dela “ausaz hartutako erabakia”, eta geroz eta gehiago direla “posizio ezker eta independentistetan lerratzen diren Euskal Herriko gazteak”. “Zapalkuntzarik gabeko” Euskal Herria lortzearen beharra azpimarratu du antolakundeak, horretarako “independentziaren aldeko borrokan beste jauzi bat” eman behar dela diote. “Bide beretik burujabetza prozesuan aurrera egin, botere gehiago eskuratu eta estatu egitura propioak lortzea beharrezkoa dela” adierazi dute.

Gehiago