Indarkeria arrazista eta islamofoboa salatu dute Iruñean
"Haserrea eta gaitzespena" adierazi dute elkarretaratze baten bidez Torre Pacheco (Murtzia) herrian magrebtar jatorriko biztanleriaren aurkako "bortizkeria arrazista eta islamofoboaren olatuaren aurrean".
2025-ko uztailak 19
Nafarroako arrazismoaren aurkako hainbat eragileek deituta, elkarretaratze bat egin dute gaur Iruñeko Udaletxe Plazan. Azken egunetan Murtziako Torre Pacheco herrian izandako liska arrazistak ez direla kasualitate bat izan nabarmendu dute. “Gorrotoaren, mehatxuen eta erasoen gorakada hau ez da kasualitatea, ezta gertakari isolatua ere. Urte luzez hedatu den gizatasun galeraren gorroto diskurtsoaren ondorio zuzena da, zurrumurruen, albiste faltsuen, hedabideen kriminalizazioaren eta erakundeen ekintzarik ezaren bidez hedatu dena”.
Duela 25 urte El Ejido (Almeria) migratzaileen ehizaren epizentro bihurtu zela ere gogoratu dute, eta gertuago dagoen Marcilla herrian edo San Adrianen edota Hernanin gertatutakoa salatu dute. “Urteak daramatzagu salatzen: arrazakeria instituzionalak gorrotoa elikatzen jarraitzen du eta gure auzo eta herrietan indarkeriaz errotzen ari da”.
“Segurtasun zibikoa” argudio gisa erabiltzea ezin da onartu, eta are gutxiago arrazakeriazko indarkeria justifikatzeko edo migrazioa delinkuentziarekin lotzen duen iruditegi kolektiboa elikatzeko. Arrazializatutako gorputzak, batez ere pertsona beltz, arabiar edo musulmandarrenak, historikoki mehatxu gisa irudikatu izan dira, nahiz eta haiek diren bazterkeria, prekarietatea eta indarkeria estrukturala gehien pairatzen dutenak. Ez dugu onartuko “segurtasuna” berriz ere aitzakia gisa erabiltzea, gorputz horiek behin eta berriz deshumanizatzeko eta arriskutsuak, susmagarriak edo baztergarriak direla esateko”, azpimarratu dute.
Migratzaileentzat eskubide berdinak aldarrikatu dituzte, eta faxismoaren aurkako jarrera irmoak eskatu ere. “Faxismoaren piztia beti existitu da; kontua da nola elikatu den. Eztabaida ez da zer egin behar dugun segurtasun faltaren aurrean, sistemaren erantzuna beti izango baita azkarra eta zorrotza: kontrola eta zigorra. Benetako eztabaida da nola eraiki berdintasun osoan oinarritutako gizartea eta nola deseraiki boterearen egiturak eta betiko pribilegioen gainean ezarritako ordena”.
Egoera honen aurrean elkar zaintzarako eta babeserako sareak indartzea eskatu dute, eta arrazakeria sustatzen duten egiturak deusestatzea ere. Bukatzeko, arrazakeriari aurre egiteko hezkuntza kritikoa, memoria eta ekintza zuzena aldarrikatu dute.
