In-itinere lan-istripu berri bat Nafarroan, 2021ko 54. biktima Euskal Herrian

Atzo ostegunean Nafarroako N-150 errepidean in-itinere lan-istripuz hil zen langileak Agoizko industrialdean dagoen enpresa batean egiten zuen lan. Nafarroako laneko bide-ezbeharren indize handia gaitzetsi du ELA sindikatuak.

2021-ko azaroak 5

Patronalak lanarekin lotutako mugikortasunaren erantzukizuna alde batera uzten duela salatzen du sindikatuak, eta Nafarroako Gobernuari lurraldeko errepide sareko puntu beltzak ezabatzeko beharra berresten dio.

ELAk jakin ahal izan duenez, atzo N-150 errepidean (Nafarroa) in-itinere lan-istripuz hil zen langileak Agoitzeko (Nafarroa) industrialdean dagoen enpresa batean egiten zuen lan. Sindikatuak, lehenik eta behin, babesa eta elkartasuna adierazi nahi die biktimaren senideei eta gertukoei, eta gaitzespen mezu bat bidali nahi du Nafarroako laneko bide-ezbeharren indize handiaren aurka.

2021ean 54 pertsona hil dira lan-istripuz Hego Euskal Herrian, horietatik 15 Nafarroan. Ildo horretan, irailaren 15ean, landa-eremuko langile bat hil zen Murillo el Fruton, auto batek harrapatuta, bizikletan lan egitera zihoala. Maiatzaren 28an, Diario de Navarra egunkariko langile bat ere hil zen lanetik bueltan zihoala beste auto batek harrapatuta. Apirilaren 23an, Mondélez eta Envaplasterreko bi langile hil ziren Vianan, beren ibilgailuek enpresen eta bizilekuaren arteko bidean talka egin ondoren.

Estatistika ofizialek arazoaren zati bat baino ez dute islatzen, eta hala ere, lan-istripu hilgarrien % 50 baino gehiagok lan-eremuan gertatzen diren zirkulazio-istripu ugariekin zerikusia dutela aitortzen dute (in itinere, in misió). Hala ere, patronalak sistematikoki alde batera uzten du lanarekin lotutako mugikortasunean duen erantzukizuna, eta gaur egun oraindik ere oso enpresa gutxik hartzen dituzte beren prebentzio-jardueran mugikortasun-planak edo langileen desplazamendua bultzatzeko beste ekintza batzuk.

NOPLOIk egin berri duen balantzeak aitortzen duenez, ez baliabide nahikorik izan 2017-2020 aldirako Lan Osasuneko Ekintza Plana gauzatzeko. Horren harira, nabarmentzekoa da Plan horren Bide Segurtasuneko Azpiprograman aurreikusitako neurririk apenas ezarri dela, arlo horretako ekintza espezifikoak jasotzen zituen arren. Nafarroako Gobernuak, hala ere, baliabide publikoak lan-osasuneko elkarrizketa sozial klientelarrera eta ez-eraginkorrera bideratzen jarraitzea aurreikusten du, Enplegu Planaren baitan 400.000 euro CEN, UGT eta CCOOko Prebentzioko Lurralde Ordezkariari esleituz.

Horren aurrean, ELAk lan-eremuan esku-hartze publikoa handitzeko premia berretsi du, laneko bide-ezbeharren kopurua handitzearen aurrean, lehentasunezko neurri gisa. Ildo horretan, ELAk mobilizatzen jarraituko du, Nafarroako Gobernuak bere proposamenak entzuteko biltzeari uko egin dion bitartean; horien artean, lurraldeko bide-sareko puntu beltzak kentzea.

Gehiago