Ikastetxeen garbiketa zerbitzua indartzeak pribatizazioa ekarriko du

2020-ko irailak 1

  Koronabirusaren garai hauetan, ikasturte berria ahalik eta berme eta
segurtasun handienaz hasteko helburuz, Hezkuntza Departamentuak
aurreratu zuen ,besteak beste, garbiketa zerbitzuak indartuko dituela.
Ez zuen esan, ordea, eginkizun hori enpresa pribatu bati esleituko
dionik, ezta garbiketa zerbitzuak pribatizatzeko beste pauso bat emango
duenik ere.
Joan den ostiralean, abuztuaren 21ean, Hezkuntza kontseilariak iragarri
zuen berak zuzentzen duen Departamentuak 47 milioi euro bideratuko
dituela langile gehiago kontratatzeko. Zehazki, irakasleak eta
ikastetxeetako garbiketa zerbitzuetako errefortzuko langileak aipatu
zituen.
Itxura batean positiboa ematen duen erabaki horrek badu bere alde iluna
ere: Administrazioak Nafarroako hainbat institututan eskaintzen duen
garbiketa zerbitzua pribatizatzea ekarriko du errefortzu horrek.

Gaur egun, zenbait institututako garbiketa Administrazio Publikoaren
mendeko langileek egiten dute. Zuzendari batzuei esker jakin ahal
dugunez, ikastetxe horietako zuzendaritza taldeek Ausolan enpresaren
deia jaso dute berriki, iragartzeko langile berriak jasoko dituztela.
Alegia, orain arte Administrazioko enplegatu publikoek osatzen zuten
garbiketa zerbitzuetan enpresa pribatu bateko langileak sartuko dira
errefortzu modura; Administrazioak enpresa pribatu bati esleitu dio
orain artean langile publikoen esku zegoen eginkizun bat . Benetan zaila
da egoera honen berri izan eta UPNren garai gogor eta ilunenekin ez
gogoratzea. Barcina andereak Nafarroako Gobernua utzi zuenetik ez dugu
halakorik ikusi! Eta orain, ezkertiarra omen den kontseilari batek
zuzentzen duen Hezkuntza Departamentuak egin nahi du pribatizazio argia
den mugimendu hau.

Ez dugu ulertzen pribatizazio honen zergatia; izan ere, Covid-19a dela
eta, gaur egun legez sor litezke egiturazko plazak eta langile
propioekin bete. Azken hilabeteotan ikusi dugu aparteko beharrengatik
aparteko langileak kontratatu dituela Administrazioak, lehendik lanpostu
hutsik ez zegoen lekuetan, Covid arrazoietan oinarrituta. Zehazki,
aukera hori Koronabirusari aurre egiteko premiazko neurriei buruzko
6/2020 Foru Legeko 6.1. artikuluan arautzen da, eta honako hau ezartzen
du: “Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan dauden
pertsonei deitzen ahalko zaie administrazio araubidean kontratatzeko,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde
autonomoen edozein kontratazio esparrutan. Ahal dela, indarrean dauden
kontratazio zerrendetako izangaien ordena errespetatuko da”. Nafarroako
Administrazio Publikoetan langileak administrazio araubidean
kontratatzeko arauak ezartzen dituen 68/2009 Foru Dekretuak, 3.1
artikuluaren bitartez, ahalbidetzen du “berezi” modura definitzen duen
kontratazio moldea.

ARGITIK ILUNERAKO IBILBIDEA
Lehenengo berria institutu batetik jaso genuen, baina segidan informazio
bera ematen ziguten beste zenbait dei iritsi zitzaizkigun. LABen, esan
beharrik ez da, harriturik jaso genituen albisteak, eta informazioa
igortzerakoan baten bat okertu egin ote zen pentsatu genuen. Nolanahi
ere, lehenbailehen egiaztatu ala gezurtatu behar genuela iritzita,
Hezkuntza Departamentuko Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzuko
Zuzendariarekin jarri ginen harremanetan. Gure galdera zuzena izan zen:
garbiketa zerbitzuak indartzeko kontratazioak zerbitzu orokorretako
langileen zerrendatik eginen ote zirenentz. Erantzunak gure kezka
areagotu baino ez zuen egin. Zerbitzuko zuzendariak esan zigun ez
zekiela deus, eta jotzeko Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-Lanetarako
Atalera, hor ari baitziren kudeatzen ikastetxeen garbiketa lanak
indartzeko afera.

Ahaleginak eta bi egin ditugun arren, ezin izan dugu oraindik atal
horren buruarekin hitz egin. Iluntasun horrek gure susmo txarrak
berretsi egin ditu eta Egoitzen eta Ikastetxeen Mantentze-Lanetarako
Atalburuarekin mintzatu nahian jarraitu dugu, kudeaketa honen zergatia
argitzeko eta noren erabakia izan den jakiteko. Oraindik ere, tamalez,
horretan dihardugu.

LABek beti defendatu du, eta defendatuko du, Administrazioaren
zentroetan garbiketa zerbitzua langile publikoek egin behar dutela, eta
zerbitzu hori indartu beharra dagoenean, kasu honetan bezala, lanpostu
publikoen zerrendetara jo behar dela; izan ere, nahikoa jende bai
baitago zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egin eta sor
litezkeen behar guztiak asetzeko.

ZAIN DEZAGUN ENPLEGU PUBLIKOA. PRIBATIZAZIORIK EZ!

Gehiago