Ikastetxea hautatzeko ustezko askatasunaren ilusioa

2015-ko otsailak 10

Urtero, otsailean, matrikulazio kanpaina dugu hezkuntzan, eta ustezko “ikastetxea hautatzeko askatasuna” hizpide. Honek esan nahi ote du Nafarroako familia guztiek benetan erabateko askatasuna dutela euren semealabak matrikulatzeko nahi duten ikastetxean? Inola ere. Errealitatea bestelakoa da. Zenbatek eta zeinek erabakitzen ahal du?

Ikus ditzagun aukerak: ez dute joaterik izanen eskola kontzertatu batera ekonomia ahula duten familien seme-alabek, nekez eginen baitiete aurre “borondatezko” kuota osagarriei, eta hau oztopo gaindiezina da anitzendako; ikastetxe erlijiosoak zehazten duen doktrinapean ikasi nahi ez duenak ere ez du ikastetxe erlijiosora joaterik izanen, horietan hautuzkoa baino, derrigorrezkoa baita erlijio ikasgaia; Nafarroako landa eremuko familia anitzek aukera bakarra dute eskola publikoan (baldin eta bada euren herrian), edota zonaldeko ikastetxe publiko hurbilean , beti ere ez badute euren gain hartu nahi garraio eta jantokiaren kostua; eta, nola ez, Nafarroako “zonalde ez euskalduneko” familiek, aurten ere ez baitute D ereduan matrikulatzerik izanen sare publikoan. Iribasek lau haizetara hedatu du bere diskurtsoa: legearen aldaketa gorabehera, ez da posiblea izanen datorren ikasturtean euskaraz ikastea eremu horretan. Inauteri garaietan bere euskalfobia arazo tekniko gisa mozorrotu nahi du. Inprimakiak moldatzeko ezintasuna sinestarazi nahi du ( Erriberarako bidean inprimakietatik D ereduaren aukera erori da); eta azkenik, A ereduan seme-alabak matrikulatzeko aukera ez duten zonalde horretako familiek, ikastetxearen zuzendariak zeharo baztertzen duelako eskaintza hori. Iribas, egoera horren jabe bada ere, mutu; eta ez du deus egiten.

PAI ikastetxeen kasuetan are deigarriagoa da egoera: ez (omen) da hezkuntza eredua, beraz, ez da hautatzen, inposatzen da. Eta ezarri den herrietatik bi herenetan aukera bakarra da. Bitxia da gure errealitatea: Nafarroa osoan euskararen irakaskuntza ezin dela inposatu gogaitu arte errepikatzen digute, baina ez dute zalantzan jartzen ingelesaren inposaketa modu unibertsalean, edo Nafarroako kasuan irakaskuntza ingelesez kosta ahala kosta. Atzerriko hizkuntzei eman beharreko trataera zentzuzko moduan jorratu beharko genuke.

Nafarroan zeinek erabakitzen du ikastetxea? Hiriguneetan bizi diren familiek baldin eta behar adinako bitarteko ekonomiko badute kuota osagarriak ordaintzeko, eta zenbait kasutan garraioa eta jantokia. Kontzertuei esker hezkuntza pribatua pagotxa da; are mauka handiagoa da generoaren araberako diskriminazioa egiten den ikastetxeen kasuan, haiek “hezkuntza bereiztua” deituta ere.

70. hamarkadaren bukaeran, eta 80.aren hasieran, kontzertuen helburua bestelakoa zen: ezin ikasle guztiak eskolatu sare publikoan, eta eskaintza osatzeko kontzertuez baliatu ziren. Eskuina mezuaz ongi baliatu da azken urteotan; bestelako esanahia eman dio, eta ikastetxea hautatzeko eskubidearen ideia hiritarren askatasunen artean kokatu dute, oinarrizko eskubideen parean jarriz.

LOMCE haratago joan da eta orain Administrazioa ez dago beharturik behar adinako plaza eskaintzera sare publikoan. Aski da eskaintza kontzertatu nahikorik izatea, eta honela inposatu nahi digute kontzertazio unibertsala. Hezkuntza sistemaren pribatizaziorako aurrerapauso itzela. Gutxi balitz, kontzertuak 4 urtekoak izatetik 6 urtera pasatu dira, eta kontu garrantzitsuak mantentzen dira kontroletik kanpo: hezkuntza proiektua, hainbat kasutan atzerriko ikasleekiko diskriminazio eza matrikulazioan…

Ez dugu aldarrikatzen ikastetxea hautatzeko eskubide unibertsala, STEILASen aldarrikapena bestelakoa da: kalitateko hezkuntza publikoa exijitzen dugu ikasle guztientzat. Hezkuntza segregatua nahi dutenek, edo ideia jakin batzuen araberakoa nahi dutenek, ordain dezatela.

Gehiago