Ikasle greba izanen da asteazken honetan beste Hezkuntza eredu bat aldarrikatzeko
"Euskal Herriko langile klasearen beharretara eraikitako hezkuntza" baten aldeko ikasle greba izanen da asteazken honetan erdi mailako ikastetxeetan. Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetan dauden problematika ezberdinei erantzunak emateko burutzen ari diren dinamika eta borrokak izanen dituzte hizpide. Iruñean, eguerdiko 12.00etan eta Lizarran 12.30etan izanen dira manifestazioak.
2018-ko martxoak 19
“Problematika hauek (…) hezkuntza besteak beste, egitura osoa eraikita duen (bizitzako esparru oro barnebiltzen dituena) klase dominatzaileak, hau da, klase burgesak, bere interes eta beharrei erantzuten dien gizarte eredu bat sortu, indartu eta etengabe erreproduzitzeko bideratuta dagoela ikusi dugu. Egungo hezkuntza sistema egitura eta helburu horien baitan kokatzen dugularik”, dio IA-k.
Ikasle Abertzalearen oharrak dio “langile klasearen izerdiarekin aberasten jarraitzeko eta aberastasun hau etengabe handitzeko (gure miseria sakonduz noski), beharrezkoak dituen pertsonak (ondoren lan merkatura joango direnak) eta pertsona ereduak (logika burgesa, sumisoa, akritikoa, sexista, kultura burgesa, justizia ulerkera burgesa…) sortzeko” tresna bat dela “burgesiarentzat hezkuntza”. “Honela, gizarte eredu edo harreman sozial kapitalistak indartu eta erreproduzitzen direlarik, horretarako komeni zaizkion zapalkuntza oro lejitimatu eta hauspotuz gainera”.
Ikastetxe ezberdinetan ematen ari diren dinamikak barnebilduz martxoaren 21ean kalera irten eta “hau ez dela gure hezkuntza” aldarrikatzera deia egiten du IA-k. “Gure indar eta haserreak kalera atera eta gure gaitasun propioei gorazarre egiteko eguna izango da, ez gara aterako inolako gobernu, sailburu edo zuzendaritzari ezer eskatzera, gure indar, gaitasun eta antolakuntza propioz hezkuntza kapitalista suntsitzen ari garela erakustera baizik”.
Martxoaren 21etik aurrrera ere, “hezkuntza kapitalista borrokatzen” jarraituko dutela ikastetxez ikastetxe, ziurtatu dute, “botere burgesaren euskarri diren adierazle oro gure antolakuntza eta botere propioaren bitartez konfrontatuz”. Batez ere, ikasturte amaieran deitu diren errebalidak, DBH4ekoak maiatzaren 7tik 18ra eta DBH2koak maiatzaren 5etik maiatzaren 16ra direla eta, “LOMCEri ezetz esateko eguna ere izango da martxoaren 21a, emango ditugun planto dinamika masiboak indartu eta hezkuntza komunitate osoari hauek babestu eta indartzeko deia egitearekin batera”.