Ikasle greba deitu dute martxoaren 23rako LOMCEren aurka

Ikasle Abertzaleak Hego Euskal Herriko ikasleak deitu dituzte martxoaren 23an LOMCE eta honen baitako errebaliden aurka kaleak hartzeko. “ Sistemari aurre egin!” lelopean mobilizatuko dira. Bestaldetik, gaur Iruñeko epaitegietan bi gazte epaitu dituzte 2016ko martxoan 17ko grebaren harira.

2017-ko martxoak 2

Aurtengo ikasturtearen amaieran  eta LOMCE-ren aplikazioan, errebalida ezagunak eginen dira, eta hori dela eta, Ikasle Abertzaleak hezkuntza erreformen aurkako greba eguna deitu du. “Hezkuntzan ematen den edozein aldaketak mesede egiten dio sistemari. Zapaltzaileek boterea mantentzeko dago egituratuta hezkuntza: alde batetik, gaztetatik sumiso izaten irakasten digute; bestetik, azterketak bezalako mekanismoen bidez ikasleok sailkatzen gaituzte, ikasleon arteko lehiakortasuna sustatuz. Azken finean, ikasleok sistemaren engranaje hutsa bihurtzea dute xede”, salatu du Ikasle Abertzaleak, eta LOMCE bera horren adibide garbia dela azpimarratu du ikasle sindikatuak.

“Lege honen baitan egituratutako aldaketa orok hezkuntza homogeneo bat lortzea du helburu, denok eduki berdinak barneratzea, denok ekoizpen sisteman zapaldu gisa barneratzea eta horrekiko sumiso izatea”, dio Ikasle Abertzaleak.

Ikasle Abertzaleak Herri Unibertsitatearen esperientzia gogora ekarriz, ikasleak antolatzen jarraituko dutela “langileriaren mesederako hezkuntza baten alde” eta “Euskal Eskola Nazionala lortu arte” ziurtatu dute.

Epaiketa berri bat Iruñean

Gaur goizean ikasle mugimenduko bi gazte epaitu dituzte Iruñean. Urtarrilean atxilotuak izan ziren 2016ko martxoaren 17an izan ziren istiluengatik. Autoritateari eraso egitea eta kalteak eragitea leporatu dizkiote.

“Ez da lehendabiziko aldia ikasle mugimenduak honelako erasoak jasaten dituenik”, salatu du IAk. “Argi daukagu zein den eraso hauen helburua, ikasle mugimendua suntzitzea eta beldurtzea”, baieztatu dute.

Gehiago