Ikasle Abertzaleak urriaren 2rako greba deitu du Palestinari elkartasuna adierazteko eta genozidioa salatzeko
Iruñeko parlamentu aurrean egindako agerraldian "Israelgo estatu sionista eta terroristaren genozidioa salatu eta Israel boikoteatzeko asmoz" urriaren 2an ikasle greba deitu du.
2025-ko irailak 22
Horrez gain, Askatasunaren Ontzidia erasotzen badute greba egunez aurreratuko dutela iragarri dute. “700.000-600.000 hildakotik gora dira jada Israel Palestinan egiten ari den genozidioan. Eta beste horrenbeste dira (640.000 ONUren arabera) gosez hiltzen ari direnak; gainera, laguntza humanitariorako dauden bide guztiak erasotzen eta mehatxatzen jarraitzen du Israelek”, salatu du IAk.
Israel estatu “terrorista eta genozidak” hamarkada luzetako “zapalkuntza eta apartheidaren ondoren”, herri palestinarra desagerrarazteko hautua hartu duela azpimarratu dute, eta palestinarrak erailda edo lekualdatuta ikusi nahi dituela salatu dute. “Horregatik, Israelen suntsipena aldarrikatu behar dugu ikasleok, hori baita Palestinak bizirauteko duen aukera bakarra, eta Israel zuritzen dutenen jarrera zein mezuak seinalatu behar ditugu, baita bi estatuen konponbidearen alde daudenak ere”.
Palestinar erresistentziaren defentsa irmoa egiten jarraituko dutela baieztatu ondoren, Israelen biziraupenerako ezinbestekoak dituen Mendebaldeko Estatuen, instituzio ezberdinen edota enpresen babesa eta sostengua bertan behera uztea eskatu dute. “Euskal Herrian adibide asko eta asko ditugu. Harreman horien bitartez, Estatu sionista diruz eta Palestinarrak erailtzeko erabiltzen diren armaz hornitzeaz gain, berau legitimatu eta normalizatzen dute euskal gizartearen artean. Baina, gero eta
garbiago dago Israelgo estatuaren aurka egin nahi badugu estatu genozidaren aurkako boikota bultzatu behar dugula. Horretara bidean, gure artean Estatu sionistarekin konplizeak diren instituzio zein enpresak irmoki seinalatzeko probestuko dugu urriaren 2ko greba deialdia, hauek Israelekin dituzten
harremanak guztiz eten ditzaten”.
Askatasunaren Ontzidia
Askatasunaren Ontzidia Israelek blokeatzen badu, greba egunez aurreratuko dutela iragarri dute. “Horrenbestez, egoera hipotetiko horretan, Israelek ontzidia blokeatu eta hurrengo egunera aurreratuko genuke ikasle greba, egoeraren larritasuna dela eta”.
