Ikasle Abertzaleak, 30 urte Euskal Eskola Nazionala helburu
Gaur azaroak 17 Ikasle Abertzaleak antolakundeak 30 urte betetzen ditu, eta antolakundeari errepaso historiko bat egin nahi izan dute gaur egun IAn lanean ibiltzen direnak, hurrengo erronkei erreparatuz.
2018-ko azaroak 17
Ikasle Abertzaleak sortzeko lehenengo ideiak 1983. urtean Jarrai antolakundeak ospatu zuen ren II.Kongresuan agertu ziren. “Aipatutako kongresuan ondorioztatu zen Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren (ENAM) beharrei erantzuteko erakunde baten beharra zegoela hezkuntza esparruan, eta beraz, beharrezkoa zela ENAM elikatuko zuten militante berriak lortzeko ikasle masa erakunde bat sortzea. Masa erakundea zioten, Jarraik abanguardia politikoaren papera betetzen zuenez eta kuadro antolakunde moduan definitzen zenez, euskal langile klaseko gazte sektore kontzientziatu gabeen eta Jarrairen arteko zubi lana egingo zuen ikasle erakundea izatea zuelako helburu. Printzipio ideologiko eta antolakuntza eredu lausoagoarekin eta kontzientzian garapen handia ez zuten ikasleentzat, praktikaren bitartez kontzientzia hau garatu eta ENAM-ren parte izatera pasatzeko helburua hain zuzen ere”, azaltzen du IAk.
Baina ofizialki, 1988ko azaroaren 17an sortu zen Ikasle Abertzaleak antolakundea. “Hasiera batean hezkuntzarako programa zehatz-mehatz egituraturik ez bagenuen ere, urteetan zehar garatzen joan garen erronka izan da. Bide horretan lehenengo kongresuaren baitan salto nabarmena ematea lortu genuen, bertan helburu estrategikoa adostu baikenuen. Hau da, Euskal Herri aske eta sozialistaren hezkuntza eredua barnebiltzeko kontzeptua definitu genuen, urte gutxira Euskal Eskola Nazionalaren izena hartuko zuena”, dio IAk.
“Pixkanaka definitzen eta sakontzen joan garen proiektu estrategikoa izan da Euskal Eskola Nazionala beraz, eta belaunaldi bakoitzari, beren garai historikoari erantzunez, horren lorpenerako pausu eta ibilbideak marraztea egokitu zaio. Ildo honetan, badira gaur arte garatu diren ekimen eta dinamikak: Herri eskolak, jai egun arrotzei intsumisioa egiteko eta bestelako hezkuntza eredu baten eraikuntzan aurrera pausoak emateko proiektua direlarik gaur-gaurkoz, edo “Ekin euskalduntzeari” kanpainak abiarazi zuen euskalduntzearen aldeko borroka kasu. Baina badira ere epe jakin baterako sortu ziren edo agortu ziren dinamika edo erronka taktikoak. Guztiak, ordea, bizitako garai eta testuinguru anitzei erantzuteko antolakundeak hartu dituen erabaki eta jarrerak izan dira, norabide bera izanaz ipar: Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntza”.
Plan edo erronka taktikoei dagokionez, antolakundearen IV. Kongresuan adostu zuten Euskal Eskubideen Karta, ikasleen 9 eskubiderekin osatua zegoena. “Mende berrian sartu eta hortik gutxira martxan jarri genuen berau, antolakundearen baitan emandako ezinbesteko pausu modura identifikatzen dugularik gaur-gaurkoz. Ikasleok, hezkuntza esparruan jasaten ditugun zapalkuntza eta erasoen indartze eta gogortze modura ulertzen genuen ere Bologna prozesua bera”.
Hurrengo kongresuan erabaki zuten Euskal Eskola Nazionala ahalbidetuko zuen proiektu zehatzak martxan jartzeko garaia zela. “Eta erabaki honetatik abiatuko dira esaterako, Euskal Curriculuma edo Euskal Unibertsitatea aldarri izatetik proiektu erreal izateko konpromisoa aurrena, eta Herri Unibertsitatea edo Talde Kritikoak bezalako proiektuen sorrera geroago”. Izan ere, V. Kongresuan hartu zuten konpromisoaren berrespen eta sakontze bat izan zen seigarrena.
“Esan bezala 30 urtetako ibilbideak askorako ematen du eta akats bat izango litzateke aipatutako guztia modu lineal eta jarraikor batean ulertuko bagenu. Ikasle Antolakundeak bere gora-beherak eta fase ezberdinak bizi izan ditu, eta inolaz ere ez da izan modu lineal batean aurrera egin duen bidea. Honetan zerikusia handia izan du etsaiak noski. Maila internazionalean, estatu zapaltzaileen bidez edo Euskal Herrian bertan etengabeakoa izan delako etsaiaren ofentsiba, honek berarekin dakarrelako gure miseria, sufrimendu eta zapalkuntzara kondenatzea. Finean bereganako dependentziara eta sumisioa”, dio IAk.
“Orain arte egin bezala, Euskal Eskola Nazionala helburu eta ipar izanik, testuinguru eta koiunturak eskatzen diguten berregokitzapen eta proposamen taktikoak garatzea dagokigu, Euskal Eskola Nazionalaren proiektua geroz eta gauzagarriago eta errealago bihurtzeko helbururarekin”, animatzen du IAk.
Bide horretan eta hurrengo ziklo politikora begira, ezinbestekoa jotzen du IAk “hezigunez-hezigune, etsaiaren ofentsiba etengabe horri aurre egiteko gaitasunak erdietsiko dituen mugimendu zabal baten artikulazioan buru-belarri jardutea”. Koiuntura orokorrari erreparatuta, “etsaiaren ofentsibak ez du amaiera iragarririk, eta ez dago bermerik langile klaseko ikasleon baldintzak onera egingo dutela pentsatzeko”, ziurtatzen du IAk. Horregatik, “ikasleon zein hezkuntza esparruko beste hainbat sektoreen problematika eta bizi baldintzetan aurrerapausoak emateko eta masa mobilizatzeko gaitasuna izango duen mugimendu edo bloke politikoa eraikitzeko beharrezkoa izango zaigu sentsiblitate desberdinen artikulazioa, errespetuzko interlokuzio eta elkarlana oinarri hartuta”.
“Geroz eta indar gehiago artikulatuz” Euskal Eskola Nazionalaren oinarri izango diren instituzioak eraiki eta indartzeko garaia heldu dela dio IAk. “Honen baitan bereziki Herri Unibertsitate eta Talde Kritikoek osatzen duten Eskola Kolektiboen proiektuan sakontzea batetik, eta Herri Eskolen garapena, bestetik”.