Ikamak Palestinaren aldeko mobilizazioak eginen ditu astelehenetan ikastetxeetan

Hurrengo astelehenean paroak deituko dituzte Hego Euskal Herriko ikastetxe guztietan, eta eguerdiko 12.00etan mobilizazioak egingo dituzte eskualde buruetan zein hiriburuetan. Ikasle Abertzaleak, bere aldetik, asteartean itxialdiak eginen ditu hainbat ikastetxeetan.

2024-ko maiatzak 9

Gazaren aurkako erasoa zazpi hilabete bete direnean eta genozidioa gero eta handiagoa denean, mobilizazioak zabaltzen ari dira eta eragile berriak protesta hauen lekukoa hartzen ari dira. Horren adibidea da euskal ikasleria azken egunotan egiten ari dena: mobilizazioak, akanpadak… eta hurrengo astelehenerako greba eta paroak deitu ditu Ikamak. “Israelgo estatu sionistak Herri Palestinarraren kontra inoiz egindako sarraskirik handiena” egiten ari dela gogoratu nahi izan dute, eta dagoeneko 40.000 dira Gazan hildako palestinarrak, 78.000 inguru zaurituak eta 7.000 baino gehiago desagertuak, azken datuen arabera.

“Genozidio baten aurrean gaude” eta horren aurrean kalera ateratzeko beharra azpimarratu dute, munduan zabaltzen ari den olatua bultzatzeko.

Ikasleen mobilizazioen inguruan, eta mundu mailan ematen ari diren akanpadak ikusita, Euskal Herrian ere egitasmo honen lekukoa hartu behar zela aitortu dute. “Hala ere, azken orduetan Israelen bortizkeria amaitzetik urrun, Rafah-ren gaineko ofentsiba abiarazi dute genozidioari segida emanez. Hau horrela, genozidioak iraun bitartean akademiako instituzioei; Tel Aviv-eko unibertsitateekin, ikerketa zentroekin, enpresekin eta Israelgo beste erakunde batzuekin harreman instituzionalak eta akademikoak haustea eskatzen diegu”.

“Era berean, Euskal Herriko Instituzio politiko, ekonomiko eta komertzialei, berehalako su etenaren aldeko esfortzuak eta indarrak biltzearekin batera, palestinarren aurkako sarraskia gelditzen ez den bitartean harreman oro etetea” eskatzen du Ikamak.

Hurrengo astelehenean maiatzak 13 eguerdiko 11:00etan paroak deituko dituzte Hego Euskal Herriko ikastetxe guztietan, eta eguerdiko 12.00etan mobilizazioak egingo dituzte eskualde buruetan zein hiriburuetan. Nafarroan, momentuz, mobilizazioak izanen dira Elizondo, Mendillorri, Biurdana, Alaitz, Iturrama eta Berriozarko ikastetxeetan. Iruñean arratsaldeko 19.00etan elkarretaratzea eginen dute ere bai.

“Historiaren momentu ezberdinetan, ikasleria zein ikasle mugimendua eraldaketarako motore ezinbestekoa izan gara eta oraingoan ere horrela izatea ezinbestekoa da. Inoiz baino garrantzitsuagoa da genozidioaren aurka mobilizatu eta nazioarteko komunitateak Israelen aurrean planto egitea. Alegia, Palestinaren askatasuna lortu arte geroz eta indar handiagoa biltzea”, dio Ikamak, eta Euskal Herriko hezkuntza komunitateari erantzutera deia luzatzen dio.

Ikasle Abertzaleak, asteartean itxialdiak

IAk, bere aldetik, asteartean, eginen ditu itxialdiak Iruñerriko bigarren hezkuntzako hainbat institutuetan “Palestinar erresistentziari eta mundu mailan mobilizatzen dabiltzan ikasleei elkartasuna adierazteko”. Alaitz, Iturrama, Mendillorri, Askatasuna, Biurdana eta Eunaten eginen direla ziurtatu dute.

Gehiago