Ikamak grebara deitu ditu ikasleak martxoaren 20an, “faxismoa borrokatuko duen olatua osatzea” helburu

Behar dugun hezkuntzarako, independentzia! lelopean deitu du grebara Ikamak unibertsitateetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan. Datozen asteetan iragarriko dituzte greba deialdiari lotutako mobilizazioak.

2025-ko urtarrilak 14

Iturria: Argia.eus

“Faxismoaren eta balio erreakzionarioen gorakadaren aurrean”, euskal hezkuntza sistema propioaren beharra azaldu du ikasle antolakundeak. “Kezka handiz bizi dugu egungo testuingurua”, diote, zabaldutako prentsa-oharrean. “Espainiar zein frantziar estatuek gidatutako hezkuntza sistemek goia jo dute, sistema kapitalista zisheteropatriarkala betikotu eta Euskal Herriaren asimilazioarako tresnak dira. Gure herriaren eta euskal ikasleok jasaten dugun zapalkuntzaren erantzule zuzenak dira”.

“Jakin badakigu hezkuntza sistema estatu baten erreprodukziorako ezinbesteko zutabea dela, eta hezkuntza sistema inposatuak espainiar eta frantziar estatuen beharrei erantzuten die”, dio Ikamak. “Curriculuma guztiz inposatua da, ehuneko handia Paris eta Madrildik ezartzen da. Beraien interesekoak diren balioak, ideiak… transmitituz eta espainiar eta frantziar nortasuna erreproduzituz”. Horren aurrean, hezkuntza sistema propioa eraikitzea ezinbestekoa dela adierazi dute. “Beraz, gure betebeharra da, ikasleen artean eta oro har hezkuntza sistema osoan, independentziaren aldeko aldarria zabaltzea”.

Faxismoaren gorakadari aurre

“Faxismoak ezin du hezkuntza sisteman lekurik izan, eta euskal ikasleriari hau borrokatzea dagokigu, borroka feminista, euskararen aldeko borroka eta balio independentistak aldarrikatuz”, adierazi du Ikamak. “Ozen diogu, behar dugun hezkuntzarako independentzia ezinbestekoa dugu”.

“Faxismoaren gorakada bizitzen ari garen honetan, guk borroka antifaxistari ekingo diogu”, gaineratu dute. “Izan ere, hizkuntza, kultura eta historia propioa izateak, estaturik ez duen nazio izaerarekin batera, bestelako mundu ikuskera bat ematen digu, eta zapaltzen gaituzten estatuengatik bereizten gaitu. Horregatik, Euskal Herrian borroka antifaxista independentziarekin uztartu behar dugula ulertzen dugu”.

Martxoaren 20ko greban, hain justu, aldarrikatuko dute “etorkizuneko hezkuntza sistemaren diseinurako balio eraldatzaileak transmititzeko eta hezkuntza sistema propioa” izateko beharra.

Gehiago