Ikama ikasle antolakundeak unibertsitatera hedatuko da

Ikamak ‘Ihaurri’ kongresueari itxiera eman dio eta Durangok egindako ekitaldi nazionalean bere ondorioak plazaratu ditu "Euskal Hezkuntza Sistema Publiko eta Komunitarioa" lortzeko helburuarekin. Martxoaren 20an ikasleak kalera irteteko deia egin dute.

2024-ko abenduak 8

Ikama ikasle antolakundeak ekitaldi nazionala egin zuen atzo Durangon azken urte honetako kongresuko eztabaida prozesuari amaiera emateko. Ehunka ikasle bildu ziren atzo Durangoko San Antonio ikastetxean, eta ‘Ihaurri’ ponentzia aurkezteaz batera, 2025eko martxoaren 20an ikasleak mobilizatzeko deia egin zuten.

Ikasle antolakunde ezkertiar, independentista eta feminista gisa definitu du bere burua Ikamak, eta bere proiektua Euskal Hezkuntza Publiko eta Komunitarioa dela argitu dute: hezkuntza sistema nazional, komunitario, publiko, feminista eta euskalduna.

Duela lau urte sortu zen ikama, eta lehen kongresu honetan testuingurura egokitzeko zenbait aldaketaren beharra ikusi dute. Horietako bat, zabaltzera doazela: hezkuntza eremu osoan borrokatuko du Ikamak, eta lehen pausua unibertsitateetan antolatzea izango dela aipatu dute. Garazi Ubiria bozeramailearen hitzetan Ikama helduago, prestatuago, indartsuago eta handiago bat aurkezten diote gaur Euskal Herriari: “Euskal Herriko Unibertsitateetako ikasleeengana zuzentzen gara: iritsi gara, unibertsitateetara iritsi gara, eta ikasleon neurrirako hezkuntza sistema borrokatzeko jauzia eman dugu!”. Hori dela eta, aurkezpenak egingo dituzte datozen egunetan EHUko Leioa, Gasteiz, eta Ibaetako kanpusetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Mondragon Unibertsitatean.

Horrez gain, kongresuko eztabaiden ondorio, hautu independentista egin du antolakundeak. Hezkuntza sistema propio hori independetziaren bidez soilik iritsiko dela eta Euskal Herrian eraldaketa posible dela dutela azpimarratu dute. Independentzia tresna gisa behar dutela agertzen da ponentzia berrian.

Hiru dira Ihaurri ponentziak jasotzen dituen helburu edota misioak: ikas baldintza duinen alde borrokatzea eredu propioa eraikiz, ikasleria independentista izatea sustatzea, eta ikasleria burujabeago eta kritikoagoa izatea sustatzea. Ikamak bere proiektu eta erabakimen propioa izango baditu ere, antolakundea isolaturik ulertzen ez dutela eta bidea bakarrik egin ezin dutela ere argi dute; Euskal Herriko hezkuntza eragile sozial, sindikatu eta hezkuntza komunitateko kideekin elkarlanean jardungo du.

Aimar Loiti horrela zuzendu zaio ikasleriari azken hitzartze politikoan: “Euskal Herriko ikasle, ikas eta bizi baldintza duinak nahi eta behar dituzun hori, zuregana jotzen dugu; ikasleon interesak defendatzea ez da aukera bat, betebehar bat baizik. Eta horretarako, Ikaman antolatzeko deia egiten dizugu”.

Gehiago