Ibon Iparragirre preso politikoaren egoera salatzeko kontzentrazioak eginen dira epaitegieen aurrean
Iruñea, Tutera eta Tafallako epaitegieen aurrean deitu ditu kontzentrazioak Kalera Kalera ekimenak asteazkenerako. Atzo PPren egoitzaren aurrean 120 pertsona elkartu ziren gaixo larri dagoen Ondarruko presoa aska dezaten exijitzeko.
2017-ko urriak 17
Espainiako espetxe politika kriminala Ibon Iparragirre preso politikoa hiltzen ari dela salatzeko eta bere askatasuna exijitzeko mobilizazioak deitu ditu Kalera Kalera ekimenak. Ibon Iparragirrek Hiesa dauka eta ekimen honek gogoratu duenez atxilotu eta Sevilla II espetxera urrundu zutenean bere karga birala zortzikoiztu egin zitzaion. 2011n, bere osasun egoera larriaren ondorioz, espetxe araudiko 100.2 artikulua ezarri zioten. Artikulu horren arabera espetxe arindua ezarri zioten eta horrek espetxealdia bere etxean betetzea ahalbidetu zion. 2014an, aldiz, berriro espetxeratu zuten. Orduz geroztik, Ibonen egoera muturrekoaren ondorioz, behin baino gehiagotan piztu da alarma gorria; azkena, maiatzean urjentziaz Madrilen ospitaleratu zutenekoa.
Madrilgo ospitalean egindako azken analitikaren arabera, Ibonek 20 defentsa baino ez ditu, pertsona osasuntsu batek 723-1.124 artean dituenean. 2011n, espetxealdi arindua ezarri ziotenean, bere defentsen analitikak 51 adierazten zuen, hau da, Ibon edozein unetan hiltzeko arriskuan bizi zela. Orain, arriskua, askoz haundiago da. Mediku forentseak jada azaldu dionez, Ibonek edozein infekzio harrapatuz gero, hil daiteke.
“Ibon tratu krudela pairatzen ari da, krudela eta utzikeria handikoa. Egoera horren arduradunak espetxe, justizia eta osasun estamentu zehatzak dira; espetxe zaintzako epailea, Alcala-Meco espetxeko zuzendariorde medikua eta Alcala-Meco espetxeko zuzendaria”, salatu du Kalera Kalerak.
Ibonen bizitza, mediku eta epaile baten esku
Gaur egun, Ibon libre uzteko erabakia Castro epailearen eta Alcala Meco-ko espetxeko medikuaren esku dago. Biak ala biak, preso ondarrutarra lehenbailehen askatu ezean, iragarritako heriotza baten arduradunak izango direla esan du Kalera Kalera-k.
“Nahikoa da! Ezker abertzalearen Kalera Kalera dinamikak ozen salatzen du Iparragirreren aurkako tratu anker eta gizagabea; izan ere, bere bizitza arrisku larrian egonik, espetxean mantentzen duten bitartean heriotz-zigorrera kondenatzen ari dira”, esan dute ohar baten bidez.
Hori guztia salatzeko eta preso gaixo larrien askatasuna exijitzeko, bihar asteazkenean, urriaren 18an, arratsaldeko 19:00etan, kontzentrazioak burutuko dituzte Hego Euskal Herriko eskualde buruko epaitegietan. Nafarroan, Iruñea, Tutera eta Tafallako epaitegietan, hain zuzen ere. Atzo, 120 pertsona bildu ziren PPren egoitzaren aurrean.