«Ibiltarien doinua» aurkeztu du Sare-k, Izan Bidea euskal presoen eskubideen aldeko dinamikaren soinu banda
Azaroaren 21, 22, eta 23an herriz herri eginen diren mobilizazioen berri eman ditu Sarek, eta Izan Bidea dinamika bultzatzeko egindako "Ibiltarien doinua" abestia aurkeztu du. Euskal musikaren aurpegi ezagunek hartu dute parte prozesuan, eta Ahotsa.info-k egin du bideo-klipa.
2020-ko azaroak 4
Sare Herritarrak Izan Bidea dinamikaren baitan hainbat abeslari ezagunekin osatu duen abestia eta bideoklipa aurkeztu du gaur, eta honekin batera azaroaren 20, 21, 22ko asteburuan antolatu dituzten mobilizazioen berri eman dute.
“Bidea gara, bidean gaude” lelopean herriz herri eta auzoz auzo mobilizazioak antolatu ditu Sare-k, Izan Bidea dinamika plazaratu eta ahalik eta herritar gehien dinamikara batu asmoz.
Ekimenak ugariak eta mota askotakoak izango dira; erreleboka eginiko ibilbideak, ilaretan antolatutako mobilizazioak, eskaintza kulturalarekin uztartuko diren ekimenak, mosaikoak… Baina guztiak helburu berdinarekin: herritarren aktibazioa piztea preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jartzeko eta elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak emateko.
“Hala, dei egiten diegu, elkarbizitzaren alde pausuak eman nahi dituzte herritar guztiei, preso eta iheslarien auzia konpondu eta salbuespen legedia amaitzearen alde antolatuko diren ekimen hauetan parte hartzera. Herriz herri, auzoz auzo, bidea gara eta bidean gaude”, adierazi du Bego Atxa Sareko kideak.
Euskal musikaren aurpegi ezagunak
“Argi genuen gurea bezalako dinamika batek behar zuela doinurik, behar zuela soinu bandarik, preso eta iheslarien etxeratzearen alde indarrak batu eta herritarrak bidearen parte egiten laguntzeko”, azaldu du Mikel Mundiñanok “Ibiltarien doinua” abestiaren aurkezpenean.
Ion de Luis Iruñeako musikari eta ekoizleak egindako kantuari Amets Arzallusek jarri dio hitza eta hamar abeslari ezagunek, haien ahotsa; Alex Sardui (Gatibu), Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi), Maider Ansa (Tximeleta), Ines Osinaga (Gose), Idoia Tapia (Skabidean), Lorena Aisa (Skabidean), Claudia Rodriguez (Skabidean), Xabi Solano (Esne Beltza), Brigi Duque (Koma) eta Juantxo Arakama (Glaukoma).
Letrari dagokionez kontzeptu bezala “bidea” hitzak hartu du indarra “azken batean gure dinamikaren oinarrian bidearen parte izatera gonbidatzen dugulako eta “bidea” kontzeptu gisa dugulako gure leloan”.
Musikari dagokionez, doinu bizia eta dantzagarria da, errepika indartsu eta sarkor batekin.