Ibaitik itsasoraino Palestinaren aldeko ibilaldia Tuteratik abiatu da
Gaur hasi da lehen etapa Tuteran, Ebro ibaiaren ondoan, eta hilaren 20an amaituko da, Hendaian, Kantauri itsasoaren ondoan. Martxaren helburuak erregimen sionistarekin kolaboratzen duten enpresa eta erakundeak ikusaraztea eta salatzea eta Euskal Herriko kausa palestinarra babesteko sare handia animatzea dira.
2025-ko irailak 10
Iturria: Ahotsa.info-Euskalerria Irratia
Hamar egunez 180 kilometro ibiliko dituzte, Tutera eta Hendaia lotuz. Bardeetako tiro-poligonoan probatzen diren armak, Palestinan genozidioa egiteko baliatzen direla salatu dute.
Ebro ibaiaren hegietatik abiaturik, lehen kilometroak ibili ditu jada ‘Ibaitik itsasora’ martxak. Hamar eguneko epean Tutera eta Hendaia arteko ibilbidea urratuko dute, palestinar herriak pairatzen duen genozidioa salatu eta sionismoaren «konplizeak» seinalatuz. Orotara hamar eguneko ekimena izanen da, eta 180 kilometrotik gorako bidea josiko du, irailaren 20an Lapurdiko itsas hegian bururatzeko.
Tuterako hasiera ekitaldira hirurehun pertsona inguru hurbildu ziren asteazken goizean, palestinar bandera andana bizkarrean. Martxaren buruan, aldiz, «itzulerarako eskubidearen giltza» daramate lekuko gisa, eta harengandik zintzilik zakutxo bat, bi olerki eta palestinar banderez atondutako paperezko itsasontzi txiki batzuk.
Abiada Bardeako Komunitatearen egoitza atarian egin zuten. Bertan, Bardeako tiro-poligonoan frogatzen diren armak Gazan genozidioa gauzatzeko baliatzen direla ohartarazi dute. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, azken urteetan 900 tona material militar esportatu ditu poligonoa kudeatzen duen Zaragozako base militarrak. Hori dela eta, Bardeako elkargoa osatzen duten 22 herri kongozanteen «konplizitatea» seinalatu dute.
Protesta Castejonen CAF-Trenasa parean
Castejongo herrian burutu da lehen etapa, hain zuzen, Jerusalemgo tranbia arinaren proiektuan parte hartzen duen CAF taldeko Trenasa enpresaren aitzinean. Lantegi atarian bildu dira enpresa batzordeko beharginak ‘Genozidioa geldi dezagun’ zioen pankarta eskuan. Sionismoarekin harreman guztiak eteteko eta giza eskubideak urratzen dituzten egitasmoak bertan behera uzteko eskaera luzatu diete CAF taldeko buruei, eta langileak palestinar herriaren askatasunaren alde direla berretsi dute.
Ostegunean Azkoiengo bidea hartuko du martxak Milagrotik igaroz (25km), ostiralean Tafallara helduko da (20km) eta asteburuan Iruñerriako lurretan barneratuko da. Bertan ere, sionismoarekin hartu emanak dituzten hainbat enpresa seinalatuko dituzte. Besteak beste, Industria militar israeldarrarekin lotura duen MTorrres taldea, CAF taldeko Orbital, Zara jantzigintza multinazionala edota Teva enpresa farmazeutiko israeldarra.
