IAk Iruñerriko Ikasle Presoaren Eguna ospatuko du bihar Berriozarren
Goizean zehar ekimen eta mobilizazio ezberdinak izanen dira ikastetxetan, eguerdian herri bazkariak eta arratsaldeko 18etan kalejira bat izanen da Berriozarren. Ondoren kontzertuak eta gaupasa.
2016-ko abenduak 21
Gabonetan bereziki etxeko mahaietan, klasean, festetan, falta diren lagun, senide, eta gertukoen ausentzia nabaritzen da, eta espainiar eta frantziar estatuek ezarrita duten kartzela politika salatzeko Iruñerriko Ikasle Abertzaleak Ikasle Presoaren Eguna antolatu du.
Salbuespen egoera honen “adibide garbiena eta gertukoena” Altsasuko 7 gazteen egoera azpimarratzen dute, beraien artean NUPeko ikasle den Adur Ramirez.
“Euskal preso eta iheslariek bizi duten egoera ikusita, euskal presoen askatasuna aldarrikatzeko bildu gara, horretarako egun guztiko egitarau bat prestatu dugu gure babesa eta gure aldarriak plazaratzeko eta ezagun egiteko, euskal presoen etxeratzea hain zuzen”.
Goizean zehar ikastetxez ikastetxe, ekimenak eginen dira, eta eguerdian herri bazkariak egingo dituzte. Arratsaldeko 18.00etan ikasle guztiak Berriozarko Ilargi plazan bilduko dira kalejira bat egiteko. Gaueko giroa berotzeko bokatada bat eginen dute eta ondoren kontzertuak izanen dira Ezurte, Desperdizio eta Skarmentu taldeekin. Ondoren gaupasa izanen da DJ JoTaTxo-rekin.