IA: “Inposaketen testuinguru honetan Hezkuntza Komunitatea kohesioa eta mobilizatzeko gaitasuna berreskuratzen ari da”

Ikasle Abertzaleak taldeak ikasurte honetarako lan ildoak zehaztu ditu.

2015-ko irailak 14

Ikasturtea bueltan da, eta horrekin batera "elite zapaltzailearen interesei erantzuten dien" hezkuntza sisteman ikastera beharturik ikusiko dute euren burua milaka ikasle Euskal Herrian.

LOMCE, Heziberri, EU2015 izeneko legeak jo puntuan izango ditu aurten ere Ikasle Abertzaleak. "Nazio, klase eta genero zapalkuntzetan sakontzeko balio duten legeak" direla ikasurte honetan garatzen jarraituko dutenak, eta horiei aurre egiteko eta alternatiba berriak sortzeko deia zabaldu dute.

Nazio Eztabaida guneak 2003an egindako diagnostikoan oinarriturik, Euskal Herriaren eraikuntzarako lehentasunezko ildo batzuk zehaztu ziren, Nazio Plana delakoa osatuz. Bertan, hezkuntzari zegozkion hainbat egitasmo sortu ziren: Oinarrizko Hezkuntza Akordioa, Euskal Curriculma, Euskal Unibertsitatea, Ikasle Euskaldun Eleanitzak lortzeko Proposamena… Arrazoi eta faktore ezberdinengatik planteamendu horiek ez ziren erabat aurrera atera. Testuinguru politiko nahasi hartan baikortasun aro bati bukaera eman zitzaion.

Ikasle Abertzaleak taldeak Euskal Eskola Nazionalaren bidean estrategia berri baten eraikuntzari ekiteko oso testuinguru egokia sortu dela uste du. "Egungo hezkuntza eredua iraultzeko behetik gorantzako prozesu bati abiada ematea ezinbestekoa dela uste dugu. Iraganeko akatsetatik ikasita, esperientzia eta planteamendu praktiko berriak sortzen eta irabazteko estrategia diseinatzen hasi behar gara", azpimarratu dute.

Zentzu horretan, Herri Curriculumak eta Herri Unibertsitateak sortzearen aldeko apustua egingo dute.

Bestetik, "inposaketen testuinguru honetan Hezkuntza Komunitatea kohesioa eta mobilizatzeko gaitasuna berreskuratzen ari dela" uste dute. Maila lokalean hezkuntza mugimendua "indartzen ari da" Hezkuntza Plataformen Topagunearen baitan saretzen ari diren Hezkuntza Plataformen bitartez.

"Ikasle Abertzaleok hezkuntzako beste hainbat eragilerekin lankidetzan oparotasun aro berri bat irekitzeko aukerak ikusten ditugu eta estrategia sakonago bat diseinatzeko egingo dugu lan", adierazi dute.

 

Gehiago